Zer da Runa Simi?
“Runa Simi” kitxua hizkuntzaren izena da eta “populauren hizkuntza” erran nahi du. 2025ean ateratako filma horrek Fernando, Cuzcoko (Peru) gazte aktibistaren ipuina kontatzen du. Bikoizketa-aktorea da eta bere hizkuntza indigena desagertzetik salbatu nahian dabil. Bere ametsa: Walt Disney konbentzitzea Errege Lehoia kitxuaz —inken hizkuntzan— bikoizteko baimena emateko. Bidaia honek aitaren rola berriz pentsatzera gonbidatuko du, aktibista gisa semearekin batera jardunez, benetako abentura-lagunarekin.
Urriaren 9an, ostegunez, zine-eztabaida gaualdia antolatuko dugu Baionako Atalante zinegelan. “Runa Simi” film dokumentala proiektatuko dugu, Hego Ameriketatik etorritako 25 hizkuntza aktibisten presentziarekin
Zergatik gaualdi hau?
Irailean, Plazarako kideok filma Miarritzeko FBAL festibalean ikusteko aukera izan ginuen eta ondotik egilearen trukatu ginuen. Euskal Herrian euskararen alde eramaten den borrokarekin sekulako oihartzuna piztu zigun (Kanaldude eta Atalantek abiatu duten bikoizketa dispositiboa aipatzen ahalko ginuke besteak beste). Horregatik interesgarria iruditu zaigu publiko zabalarekin partekatzea.
Gaualdi hau ADITU truke-programaren baitan kokatzen da. Programa horrek 25 hizkuntza-aktibista Euskal Herrira ekartzen ditu 6 asteko egonaldirako, hemengo eta mundu zabaleko hizkuntzen biziberritze hobeki ezagutzeko eta, horri esker, beren komunitateetan eraginkorrago aritzeko. Proiekzioaren ondotik, kitxua militante batekin eta Plazara kolektiboko kideekin solasaldia izanen da.
Eta ondotik, zer?
Aditu ikastaldiko aktibistek 2 egun pasako dituzte Ipar Euskal Herrian. Hainbat eragile bisitatuko dituzte (Biriatuko ikastola, Kanaldude…), Plazara kolektiboarekin tailer bat segituko dute Lapurdi Baxe Nafarroa eta Xiberoko errealitate soziolinguistikoari buruz eta Ikusi Mikusi festibalera joanen dira.
Elkarrengandik asko dugula ikasteko eta hizkuntzen etorkizuna mundu mailako borroken saretzean jokatzen dela konbentzitua, Plazarak Garabiderekin lan egiten segituko du “hizkuntza lankidetza” deitzen dugun xantierra garatzeko. Proiektu eder eta handiak datoz 2026rako. Adi egon!
Runa Simi
Dokumentala | PEROU | 2025 | 1:25 | VOSTFR
Antolatzaileak: PLAZARA – GARABIDE – ATALANTE.
Babeslea: EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA.
Bideoak