Irailaren 26an, Europako hizkuntzen egunaren karietara, Plazarak 2 urte ospatu zituen. 2025ean, 5 proiektu berrirekin heldu gira.

Urte bukaera mugimendutsua izan da: eguberriko merkatu euskaltzalea, Garabide elkartearekin lankidetza hitzarmena, Euskararen urtaroa, CNFPTrekin formakuntza esperimentala, munduko 18 hizkuntza aktibisten bisita…

“Baina zertan ari zizte?!…”
Batzuetan lagunek (eta sobera maite ez gaituztenek) erraten digute ez dela beti errex zertan ari giren jakitea.

Kurios direnentzat, 2025 hasieran izango ditugun 5 berritasun partekatzen ditugu hemen zuekin:

  1. Lantaldearen indartzea.
  2. ON! Sentsibilizazio dispositibo partekatuaren aurkezpena.
  3. Hego lapurdiko sentsibilizazio hamabostaldia.
  4. Iruñeako formakuntza zikloa.
  5. Famili’on egonaldia Arbona eta Baigorrin.

Adi egon beraz! Uda hasiera arte izanen dugu EHko plazetan elkarrekin topo (eta topa) egiteko aukera. Eta laguntzeko prest bazira, ez duda gurekin harremanetan sartzea.

Aurten ere, auzolanetik eta berrikuntzatik, segituko baitugu lurraldeko biztanle eta eragileen egunerokoan euskara presenteago bilakarazten.