2026-10-16

Mundu zabaleko hizkuntzak, gure plazetan

Zer dute amankomunean Ortzaizeko euskaltzale batek, Txileko maputxe batek eta Ekuatore Gineako bubi batek? Uste baino anitzez gehiago!

Urri erditsutan, bi egunez, hamabi hizkuntza aktibista errezibitu ditugu: amazigh, maputxe, guarani, maia yukateko, nasa eta bubi herrietakoak. Aurten ere, Garabideren ADITU programaren baitan jin dira, gure lanaz inspiratzeko eta hemengo eragileekin trukatzeko.

Biriatutik Baionara

Biriatuko ikastolan hasi ginen. Ofizialtasunik gabeko lurralde batean nola eraiki euskarazko eskola bat? Galdera hori ez zen arrotza gure gonbidatuentzat.

Baionan, ON! Gunean, Plazarako proiektuak eta Iparraldeko egoera soziolinguistikoa aurkeztu genituen. Ondotik, euskarazko komunitatea egunero ehuntzen duten eragileak ezagutu zituzten: Eusko moneta, Angeluko Kabalkada eta Kanaldude herri telebista. Hizkuntza bat ez da eskolan bakarrik bizi; ekonomian, ohituretan eta komunikabideetan ere bizi da.

Pantailaren aitzinean

Lizeotarren manifestalditik itzuli bat egin ondoren, Atalante zineman bukatu genuen, Kanaldudek ekoitzitako Inarumen dokumentalarekin (irakurri gure artikulua). Proiekziotik landa, solasaldian Agnes Biscaychipi egileak hitza hartu zuen, baita gure artera etorritako bi aktibista maputxe: Fernanda Necluman eta Lina del Rosario Ancan mapuzugun hiztunek hartu zuten hitza. Milesker zuen hitz eder eta inpaktagarrientzat!

Norabide bakarra ez

Euskara maiz eredu gisa aurkezten da munduko hizkuntzen biziberritzean. Truke horrek, ordea, bi norabide ditu. Gure gonbidatuek gogorarazi digute hizkuntza bat lurrari, komunitateari eta memoriari lotua dela. Beren borrokek gurea argitzen dute, eta alderantziz. Milesker Garabide!

Perspektiba horrek pizten zaitu? Zatoz gurekin, elkarri irakatsiz eta elkarrengandik ikasiz bidea egitera.

Info gehiago:

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak