Urriaren 13an, asteartean, 20:15ean, Baionako Atalante zineman, Inarumen dokumentala ikusteko parada izanen dugu, Agnès Biscaichipyk zuzendua. Ondotik solasaldi bat eginen dugu zuzendariarekin eta Hego Ameriketatik etorritako hizkuntza-aktibistekin. Kanaldude, Garabide, Plazara eta Atalanteren arteko elkarlanari esker antolatua, arrats paregabea izanen da.
Ipar Euskal Herrian espainol irakaslea, Agnès Biscaichipy maputxeen lurretara joan da, Wallmapuren bihotzera, haien ahotsak entzutera. Bidaia horretatik sortu da bere lehen dokumentala, Kanaldude herri telebistarekin batean ekoiztua.
Mapuzunguk bizi behar du
Filmak erakusten digu nola, lurren ebasketaren eta errepresioaren gainetik, maputxeek beren hizkuntza, kultura eta naturarekiko lotura bizirik atxikitzen dituzten egunerokoan: Lafken Tañi Zugun herri irratian, Aylla Rewe Budi-ko zinema eta komunikazio eskolan, edo maputxe balioetan oinarritutako ekoturismoa garatzen duen emazteen kooperatiba batean. Leku guzietan, adinekoek beren jakintza gazteei helarazten diete.
Ispiluari begira
Istorio horrek oihartzun handia du gure artean. Zuzendariak berak dio: maputxe herriak eta euskal herriak anitz gauza dituzte komunean, lurraldearekiko atxikimendu sakona, nortasun kultural azkarra eta, historiaren zailtasunen gainetik, bizirik dirauen hizkuntza bat.
Proiekzioaren ondoko solasaldia, beraz, aukera ederra izanen da gure esperientziak elkarri kontatzeko eta elkarrengandik ikasteko: nola transmititu hizkuntza bat belaunaldi batetik bestera? Zer tresna asmatu? Nola atxiki indarra eta itxaropena?
Film ederra eta ondotik topaketa aberatsa: ez huts egin!
Argibideak
📅 Urriaren 13an, asteartean, 20:15ean
📍 Atalante zinema, Amiral Antoine Sala kaia 3-5, Baiona
🎬 Inarumen (2025, 90 min), espainolez, euskarazko azpitituluekin
💬 Ondotik, solasaldia Agnès Biscaichipyrekin eta Hego Ameriketako hizkuntza-ekintzaileekin