Abenduan Eguberriko merkatu berezi batek ateak irekiko ditu Lisses karrikako 4. zenbakian. Bertan, euskararen aldarria hedatzen duten kikarak, apainketa, kuadroak, egutegiak, liburuak, jantziak, harpidetzak, jokoak, diskoak… atzemanen dituzue. 4 egunetan irekiko da: abenduaren 3an (euskararen nazioarteko eguna), 7an eta 21ean (larunbatak) eta opariak erosteko azken momentua itxoiten dutenentzat, abenduaren 23an. 10:00etatik 18:00etara laguntzaileek harrera eginen dizuete kafe eta bixkotxekin.
2024ko apirilaz geroztik euskararen biziberritzean lan egiten duten 8 elkartek Patxa eta San Andres plazen arteko 100m²-ko lokal bat partekatzen dute. Lehen aldiz, Eguberriko merkatu etiko eta solidario bat antolatzen dute.
Lokala biziarazten duten 8 elkarteek (Bada, Biga Bai, Elkar, Euskal Konfederazioa, Hedabideak, Plazara, Topagunea eta UEU) beste elkarte batzuk gomitatu dituzte merkatuan parte har dezaten (Herri Urrats, EHZ, Euskal Herrian Euskaraz, Argia, Alabena eta Arberoa ikastola, berriki sute batek kaltetu duena). Beraz, opari hautu zabala izanen da eta aldi berean, erosketen bidez euskararen alde egunerokoan lan egiten duten hainbat elkarte sostengatzen ahalko dira.
Gainera, Etxepare lizeoko merkataritza saileko ikasleak bertan izanen dira salmenta tresnak sortzen eta sareetan komunikatzen laguntzeko. Merkatu euskaltzaleaz gain, beste merkatu batzuk ere antolatuak dira Baionan: Pelletier karrikako merkatu alternatiboa, Biziren merkatua abenduaren 7an eta Akelarre kafetegian Armadamek antolatu merkatua.