2024ko udaberri honetan, Bidarraiko herrian finkatzen ari den Onddoenea proiektuaren bidelagun izan gira, egoitza partekatu horretan euskarak zer toki ukanen duen bilatzeko, eta bermatzeko.
Barnekaldeak eskaintzen ditu, beharrik, euskara egunerokoan presente egiten duten herriak: Bidarrai da horietarik bat, eta Plazararentzat, plazer berezia izan da proiektu bat eramatea hor, orain arte bereziki kostaldeko eta eremu erdaldunetako proiektuak ukan ditugulako esku artean.
Geroari itzulia den proiektua lantzen ari dira, azken hilabeteotan, Bidarraiko Herriko Etxea, Kanaldude, eta herritar multxo bat: Onddoenea. Pont d’Enfer ostatu ezaguna izan den egoitza, toki partekatua bilakatuko da: lantokia eta espazio publikoa, zeinetan publiko desberdinak gurutzatuko diren. Hortik, proiektuan inplikatu jendeak hastapenetik ukan duen kezka izan da: nola eginen dugu euskararen baliatzeko egunerokoan, jakinez hor ibiliko diren pertsona guziek ez dutela euskaraz jakinen?
Xarta bat bidean
Galdera horri lehen arrapostuak ekartzeko, publikoari idekiak ziren bi bilkura antolatu ditugu: Plazarak azpimarratu du zer zaindu behar zen, araberan teknizitate bat ere ekarriz. Bidarraitarrek, horien errealitatea untsa aztertu dute, eta ideia andana bat ere bota, Onddoenean esperimentatzeko egingarri ikusi dituztenak. Buru xoko batean atxikiz, Onddoenean baliagarri dena, herri guzirako ere hala izan daitekeela!
Bi bilkuretatik, Euskaraz Bizitzeko Xarta baten lehen bertsioa atera dugu. Holako dokumentu batek abantaila frango badu, pizuegi izan gabe Onddoenea bezalako proiektu berriarendako: xarta batek argi uzten du nor giren eta norat ari giren; baliagarri ere da aztertzeko, urte batetik bestera, zer aitzinamendu izan den. Biltzen ere du zer ekintza, tresna eta formakuntza plantan emanen dugun, baliabideak ahantzi gabe, euskaraz bizitzea bilatzeko eta bermatzeko.
Onddoenearen kasuan, azpimarra berezia egin dugu, argi uzteko euskara ez dela seinaletikara mugatuko; hortik, publiko desberdinei keinu egin ere diegu, zer urrats eginarazi nahi diegun euskarari buruz, euskaraz jakin ala ez. Behingoz burutik ken dezagun euskaraz bizitzea baztertzailea dela: Onddoenean ere, parada ederrak eskainiko ditu herritarren artean gehiago gurutzatzeko, eta euskara ikasten ari duenari ere toki segurra, gurekin tal-tal-tal artzeko noizbait!