2026-09-02

Utopiak & Nostalgiak aipagai

Plazarak segitzen du BADALAB hizkuntza berrikuntzarako laborategiarekin lan egiten. Sortu denetik, hurbiletik segitzen dugu haien lana; eta plazer handia dugu gure bideak gurutzatzen direlarik.

Horra hemen, Badalab-ek luzatzen duen gomita:


“Irailaren 10ean, ostegunean, Kutxaz Kanpo saio berri bat izango da Baionan, Biltxoko Elkartean. Oraingoan, Utopiak & Nostalgiak izenburupean, Iker Gurrutxagarekin (Naiz irratia) eta EHZ Festibalarekin batera, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunari buruzko hainbat galderari erantzunak bilatzen saiatuko gira.

Zergatik?

Aldaketa garaia da. Jauzi bat behar dugu. Pizkunde berri bat.  Baina nora iritsi nahi dugu? Zer da desio duguna? Zer nolako euskara edo euskarak nahi ditugu etorkizunean? Non kokatzen dugu euskara etorkizun horretan?

Eta bidean, agian, atzera ere begiratu beharko dugu: zer ikasi dezakegu orain arte egindakoaz? Eta zer desikasi? Lehen dena hobeki egiten zen? Musikak zer erraten digu horren guztiaren inguruan?

Denei irekia

Galdera horiek eta beste asko bildu dira “Utopiak & Nostalgiak” izenburupean: iraganari begiratu, etorkizuna irudikatu eta bien artean euskararen inguruko desio, kontraesan eta aukerez pentsatzeko.

Kutxaz Kanpo Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eta Fikzio Fabrika kolektiboaren arteko lankidetzatik sortutako marko ludiko eta esperientziala da. Mahai-, karta- eta rol-jokoen bidez, pentsatzeko eta hausnartzeko bide berriak sustatu nahi ditu, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunak elkarrekin irudikatzeko.

2026an UEUrekin batera hainbat saio antolatu ditugu, saio bakoitzean gai eta galdera ezberdinei heltzeko aukera izango dugu.”

Etorriko zira?

Data: Irailak 10, osteguna
Ordua: 10:00–13:30
Lekua: Biltxoko Elkartea, Baiona

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak