Munduko hizkuntza-aktibistak bisitan

Garabide elkarteak munduko hizkuntza-aktibistak elkartu ditu, 6 astez, hizkuntzen biziberritzeko ADITU programan: Kichwa (Ekuador), Quechua (Bolivia), Nasa yuwe (Kolonbia), Kaqchikel  (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Maputxeak (Txile), Aimara (Bolivia), Guaraní (Bolivia eta Argentina), Acre (Brasil), Kreolera (Haiti), Kiche (Guatemala) eta Bubiera (Ekuatore Ginea) hizkuntza komunitateetako 16 kideek klase teorikoak eta euskara biziberritzen ari diren eragileen bisitak uztartu dituzte.

Plazarak lagundu ditu Ipar Euskal Herrian iragan dituzten bi egunak antolatzen: gure eskutik hartu dute Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren berri; aste horretan, klase teorikoetan helduen alfabetatzea hizpide nagusia izanik, AEK eta Korrika ere barnetik ezagutu dituzte, Ihintz Oliden koordinatzailearekin; erakargarri bezain eskuragarri egin zaien Kanaldude herri telebista aurkeztu die Mattin Troitiño komunikazio-arduradunak. Bururatzeko, Bidarraiko plazan trukaketa bat hasi dugu, gure besta herrikoien inguruan: gure santibate eta libertimenduak, haien loratze eta dragoi bestak; hots, su ederra, elgarrekin piztu duguna!

Trukaketa Baiona Epaiskan

Paradaz baliatu ere gira trukaketa publiko bat antolatzeko Baiona Epaiskan, hizkuntza horien berri hartzeko, errealitate desberdinak ezagutuz, amets eta estrategia komunetan menturatuz, biziberritzen ari giren hizkuntza komunitateon artean zer mundu dugun ekartzeko iradokiz. Ez gira hain bakarrik sentitzen gure obratze eta borroketan, eta etorkizunari lotzeko kemena ere eskuratzen dugu bidean!

ADITU programa segitu ondoan, bakoitza bere herrira sartuko da orain, egonaldi honetan diseinatu duen proiektu bat obratzeko asmoz, bere hizkuntzaren biziberritzean parte-hartuz. Horietarik batzuk Garabide elkarteak segituko ditu, beharren arabera laguntza teknikoa ekarriz. Anartean, Plazara lantzen ari da nola egin Europako hizkuntza komunitateekin harreman gero eta konkretuagoak lotzeko, hain ezberdinak ez diren errealitateetan elkarrengandik ikasten segitzeko!

Garabideren ADITU programaren berri: