Argazkiaren aurkezpena
2025eko udaberria Euskal Herri mailako gertakariz josi dugu: bi proiektu (Euskal Herri osoko hizlariak Sentsibilizazio Hamabostaldian; Euskal Herri osoko haur eta gurasoak Familion Egonaldian), eta formakuntza ziklo bat Iruñean (Astindu! Topaketak, ameslariendako ikastaroa).
Plazaran lehen aldikoz eskaini dugu maila horretako zerbitzu bat Hego Euskal Herrian: usaian, hitzaldietan edo mahai-inguruetan parte-hartzera deituak gira, baina hor, formakuntza ziklo oso bat eskaini ahal izan dugu, lau larunbat goizez segidan, Iruñean, martxotik apirilera.
Bertako Karrikiri euskara elkarteak eskua luzatu digu, Astindu! Topaketak antolatzeko. Printzipioa? Jende euskaldun eta euskaltzalea formatzea, horien eragina indartzeko, lanean zein aktibismoan. Gaia? Euskararen aldeko kontakizunak biziberritzea, gure baitako diskurtsoak freskatzeko, indartzeko, edo arlo berrietara ekartzeko.
Arrakasta ederra
Maila handiko 4 hizlariek parte-hartu dute, 15 ikastun formatzeko, Eusko Kultur Fundazioaren egoitzan: Jon Sarasua Maritxalar, Jone Miren Hernandez Garzia, Aritz Ibañez Lusarreta eta Rosa Ramos Alfaro aldizkatu dira, patxada ederreko hitzaldiak eskainiz, zehazteko, haien ustez, zein diren euskarari etorkizuna emateko giltza nagusiak. Ados jarri dira errateko gure hizkuntza komunitatean indarra eman beharko dugula, euskaldun gisa sendotuz eta loratuz, bizi giren jendarteetan eragiten segitzeko.
Beste arlo sozialetatik edanez (ekologismoa, transfeminismoa…), gure kulturatik ahaldunduz (dantzari lotu literatura, transgresioa…), hizkuntzen biziberritzeko borroka mundu mailan kokatuz, gure etorkizun propioa eraikitzeko pistak zabalik utzi dizkigute. Plazararen lana izan da, goizaren bigarren zatian, hizlariek ekarri kontzeptuei azpimarra teknikoak egitea, horiek hobeki ulertzeko, eta ikastunek dituzten hizkuntza-errealitateak eta -korapiloak askatzen laguntzeko.
15 parte-hartzaileek balorazio biziki baikorra egin dute, eta denek gomendatuko lukete ikastaro horretan izena ematea: arrakasta eder hori kontuan harturik, Karrikiri eta Plazararen asmoa da Astindu! Topaketak 2026an errepikatzea, Iruñean. Guri formatua anitz gustatu zaigu, hizlariek ikastaroari eman dimentsioa ere bai, eta pentsatzen ari gira Euskal Herriko beste txokoetan ere horrelakoak antolatzea… Interesatuak bazarete, egon erne!