Gurasoen rola haurren euskalduntzean

Ipar Euskal Herrian, 14.500 gurasok haurrak euskaraz euskalduntzeko hautua egina dute, gaur egun: eskola eredua oren parekotasuna, euskara indartua ala ikastola izan, gurasoek hainbat galdera dute horien rolaz, haurrak euskaraz loratzen laguntzeko.

Halaber, haurren adinaren arabera, horien beharrak aldatzen dira eta, ondorioz, gurasoek izaten dituzten galderak ere bai: Nola esplikatu euskararen hautua 6 urteko seme-alabari? Nola egin irakurtzea maite duen 10 urteko haurrak ez duelarik euskarazko libururik eskuratzen?  Zer egin tira-ahala frantsesez hasi den 14 urteko nerabeak euskaraz egin dezan berriz ? Kontuan hartuz, baita ere, bi gurasoak ez direlarik euskaldunak, konplikatua izan daitekeela euskarari toki bat bermatzea etxean, familiaren oreka hankaz gora jarri gabe…

Horrelako korapiloez josi ditugu hainbat gaualdi Plazaran 2023an, izan tailer praktiko, mintzaldi ala euskara deskubritze erdaldunentzat : Elorri Garat psikologoaren laguntza puntuala ere izan dugu, gurasoei beren tokia aurkitzen laguntzeko, ez dezatela dudarik ukan funtsezkoak direla beren haurren euskalduntzean.

Gurasoen papera ezinbestekoa da. Ezin da dena eskolaren esku utzi.

Bakoitzaren egoerak aztertuz bezala, erantzun eta pista konkretuak eman ditugu, baita, Bidarte, Senpere, Ortzaize, Itsasu, Amikuze, Lekorne, ala Garaziko eskualdean izan, argitan eman eskolatik kanpoko eskaintzen garrantzia : euskarazkoak gero eta gehiago dira, baina ez aski agerian gurasoen eskura heltzeko.

Plazararen gaualdietan, gurasoen iradokizunak izan dira aisialdietan gauzak mugiarazteko: Ortzaizeko Kirola Euskaraz Ahoan (KEA) bezalako ekimenak sortu beste tokietan; trebatzaile euskaldunak motibatu eta formatu, euskaraz gehiago egiteko; euskara eta euskal kulturaren arteko lotura argitu… Ideiak ez dira falta: ea denen artean girotzen eta obratzen ditugun!

Prentsako oihartzunak:

https://iparraldekohitza.eus/2023/11/17/etxeko-erritualak-euskararen-berme/

https://kanaldude.eus/bideoak/5709-kanaldude-hitzaldiak-murgiltzetik-plazara