Euskararen munduak deskubritzen, Euskal Elkargoan

Plazarak euskara deskubritze ziklo bat eskaini du, urrian zehar, Euskal Elkargoko 16 agente erdaldunei. Bi taldetan banaturik, bata Itsasun, bestea Hazparnen, zerbitzu eta jatorri anitzetako agenteak elkartu ditugu 12 oreneko ziklo laburrean, horien lan-denboretako lau goizez. Lehen eta azken saioak euskara bera dastatzeko aukerak izan dira: ahoskera, bakoitzak bere burua aurkeztu, lankideak euskaraz agurtu, zenbakiak landu, … Hots, euskara egoera konkretu eta funtzionalei lotu, ikasten duten hura ahalaz beroan bero praktikatzeko gero!

Bigarren eta hirugarren saioak, aldiz, euskararen testuinguruak lantzeko izan dira. Bigarren saioan, soziolinguistika-oinarri baliagarriak eskaini dizkiegu, euskara diglosia-egoeran eta munduko hizkuntza-aniztasunean kokatuz. Hirugarren saioan, kultur-oinarri bereziak eskaini dizkiegu, gure kulturaren ekosistema oso bat aurkeztuz, eta bereziki kultura eta hizkuntzaren arteko lotura argi utziz.

Agenteen posizionamendua landu

Argi dute eta dugu ez dutela euskara hain denbora gutiz ikasiko: bereziki agenteen posizionamendua lantzea dugu xede, ziklo horietan. Euskara ez dadin hain arrotza izan, eta ondo-ondoan duten hizkuntza horren aldeko jarrerak lantzea dugu bereziki bilatzen; Euskal Elkargoak duen hizkuntza politikan eragile izatea ere izan daiteke ondorioetarik bat, zerbitzu guziek dutelako zeregina hizkuntza politika hori biziarazteko, agenteek euskara (oraindik) jakin gabe ere.

12, 24 edota 36 oreneko euskara deskubritze-zikloak eskaintzen ditugu erdaldunei, aldi guziz hizkuntzaren lehen dastarekin batera, euskararen testuinguru desberdinak jorratuz, eta erdaldunak eragile sendi daitezen ere bilatuz. Euskara ikastea bururaino eraman nahi dutenei, horretara dedikatuak diren egituren eta horien formula desberdinen berri ematen diegu, horien atean jo dezaten!