24. Korrika Atharratze-Sorholüzetik abiatuko da martxoaren 19an, 15:30ean. Handik, hamar egunez eta hamar gauez, euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Euskal Herria zeharkatuko du, martxoaren 29an Bilbaora iritsi arte.
AEKk antolatzen duen Korrika gaur egun mundu mailan hizkuntza gutxitu baten alde egiten den mobilizaziorik handiena da. Bi urtez behin, milaka lagun gau eta egun lasterka aritzen dira lekukoa eskuz esku pasatuz, euskararen aldeko atxikimendua erakusteko.
2026ko edizioak 2.000 kilometro baino gehiago eginen ditu, “Euskara gara” lelopean.
Xiberoa prest mobilizatzeko
Xiberoan, jadanik herritarrak mugitzen hasi dira ekitaldi handi honen prestatzeko. Abiatu aitzin, kultura ekitaldi eta besta anitz antolatzen dira euskararen inguruan jendea biltzeko.
Korrika Iparraldeko hainbat herritatik ere pasatuko da. Bidean, herritarrak, elkarteak, eskolak eta kolektibitateak biltzen dira kilometro edo metro batzuk lasterka egiteko eta lekukoa eramateko.
Munduan inspirazio iturri
Urteen poderioz, Korrika eredu bilakatu da hizkuntza gutxituen aldeko mobilizazioentzat munduan. Beste ekimen batzuk inspiratu ditu, hala nola La Passem Okzitanian, Ar Redadeg Bretainian, baita antzeko mobilizazioak ere Chilin tokiko hizkuntzen alde.
Guk ere parte hartuko dugu
Gure aldetik, han izanen gira ere. Lehenik, Atharratzen abiatzean, antolakuntzari laguntzeko boluntario gisa ariko gira.
Eta korrika eginen dugu ere martxoaren 24an, asteartez, 21:54ean Baionan, gure lagunekin batera, ON! elkartearekin.
Milaka lagunek bezala, guk ere lekukoa eramanen dugu momentu batez, gauza bat oroitarazteko: euskara bizi da erabiltzen dugulako, ikasten dugulako, transmititzen dugulako eta defendatzen dugulako.