Irailaren 11ko astean, bost riftar gazte errezibitu ditugu, plazer handiz, Euskal Herrian. Amazigh hizkuntza biziberritu beharrez ari dira Maroko ipar-ekialdeko Rif herrialdean, eta horretan aktibo dabiltzan musikari bat, bi kazetari, aktore bat eta itzultzaile bat ibili dira, astebetez, euskalgintzako hainbat egitura bisitatzen. Beste bi irakasle riftar ere jitekoak ziren, baina azken mementoan Maroko uzteko debekua izan dute.
Garabide eta Plazara elkarteen lankidetzaren fruitu izan da bost riftarren bisitaldia: Kanaldude, AEK, Urruñako Herriko Etxea, Baionako karriketan barna Jakes Borthairurekin, Biriatuko ikastola, Antxeta Irratia, EHZ, eta EIZIE izan ditugu geldialdi, baita trukaketa aberasgarrien lekuko. Solasaldi informalak lehenetsi ditugu, riftar eta euskaldunon artean elkar ezagutzeko eta inspiratzeko, desberdintzen eta berdintzen gaituena azpimarratzeko, etorkizunean batzen ahal gaituzten borroka eta ametsak ere besarkatzeko.
Bidelagun berriak
Riftarrek bereziki atxiki dute euskararen biziberritzean funtsezkoa izan dela herri mugimendua, nehoren beha egon gabe tresnak eraiki eta garatzeko. Euskaldunok atxiki duguna, riftarren partetik, izan da herri eta hiri oso batzuek amazighera erabiltzen dutela karrika eta plazetan; hizkuntza ofiziala izanik ere Marokoko erresuman, tokirik ez duela hezkuntzan, administrazioan edota lan-munduan. Doi-doi hedabideetan, baina sare sozialak erabiltzen dituzte beren hizkuntzari hedadura zabalagoa eskaintzeko, Europako diasporan barna.
Egonaldi bukaeran, astea Arbonako Arantzolan iraganik, Gipuzkoan hartu dute ostatu: amazighera Rifen biziberritzen segitzeko amets eta estrategiez gogoetaldi sakonak ukan dituzte, horien hizkuntzan, Mustapha El Adak maisuak gidaturik. Plazarak eta Garabidek gogo handiz dugu bide puska bat eginen riftarrekin, hizkuntza gutxituok zer mundu daukagun eskaintzeko pentsatzen eta plazaratzen.
Urrian, Hego Amerikako hainbat hizkuntza komunitate minorizatu etorriko dira Euskal Herrira, Garabideren eskutik: ateak zabalduko dizkiegu, alabaina, bidelagun berriak egiteko asmoz!