2026-01-05

Hizkuntzen kohabitazioa kom euskarrietan

Azaro bukaeran komunikazio eleaniztunari buruzko tailer bat animatu ginuen Baionan. Egun ederra izan zen; truke eta eztabaida askorekin. Milesker Bihar institutua antolaketagatik. Biba Euskararen urtaroa horrelako ekimenak babesteagatik!

« Behartua al da afitxa batean den-dena itzultzea? », « Euskarak gure komunikazio-euskarriak gainkargatzen ditu! », « Erabiltzen dugun euskara estandarregia dela leporatzen digute », « Nola egin, ez badugu astirik esku-orria osoki elebiduna argitaratzeko? », « Zergatik irakurtzen dute euskaldunek frantsesez? »…

Hona hemen normalean jasotzen ditugun galdera batzuk. Horregatik sortu ginuen « Hizkuntzen elkarbizitza komunikazio-euskarrietan: zergatik? nola? » tailerra.

Bi ataleko tailerra

Formazio hau hogei bat aldiz eskaini dugu jadanik, askotariko publikoekin: hautetsiak, elkarteetako militanteak, administrazio publikoko langileak… Oro har, zentzuaren galderatik abiatzen gara: zergatik komunikazio eleaniztuna plantan eman? Gizarte-eskaera bati erantzuteko soilik al da, ala badaude bestelako arrazoiak ere?

Komunikazio eleaniztunaren funtzioak argitu ondoren, adibide batzuk aztertzen ditugu —arrakasta handiagoa edo txikiagoa izan dutenak—, eta ondoren aholku praktiko batzuk partekatzen ditugu.

Hiru ideia nagusi

Hizkuntzen kohabitazioa ez da dekretuz ezartzen, antolatu egiten da. Kartel edo esku-orri batean antolatzeko gai ez bagara, nola lortuko dugu gizarte mailan egitea?

Galdera horretatik abiatuta, hiru mezu nagusi helarazi nahi dizkiegu parte-hartzaileei:

  • « Ausartu! » Komunikazioa sorkuntza da. Beraz, izan ausartak hizkuntzak elkarrekin biziarazteko moduak asmatzerakoan.
  • « Antizipatu! » Hizkuntzen erabileran sortzaile eta eraginkor izateko, prozedurak egokitu behar dira, eta ulertu eleaniztasuna gehiago dela idazleen kontua, itzultzaileena edo diseinatzaileena baino.
  • « Simetria ez da bide bakarra! » da beti dena itzuli behar. Euskarazko hitz batzuk denek uler ditzakete. Eta testu batzuek itzulpena baino gehiago, berridazketa merezi dute. Une horretan aipatzen ditugu translanguaging eta transcreation

Erran gabe doa hori guztia denborarekin praktikan eman behar dela. Horregatik, erakunde batzuei laguntza eskaintzen diegu “Komunikazio eleaniztunaren xarta” idatzi arte. Hala ere, urrunago joan gabe ere, galderak egitea bera da dagoeneko erantzunak aurkitzen hastea.

Aitzina!

Milesker Bizi, Alda, Enargia, EHLG, Euskal Moneta, Lurrama eta Aupako boluntario eta langileei. Plazer handia izan da zuekin euskaratik Euskal Herri burujabeago eta euskaldunago bati buruz gogoetatzea. Trantsizioetan inplikatutako militante argi eta konprometitu horiekin trukatzea benetako plazera izan da.

Nahi duzuen arte!

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak