2024an zehar, Erasmus+ izeneko dispositiboan sartu ahal izan gira, ACME+ kontsortzioari esker: hizkuntza-trukaketak errexten ditu, Euskal Herri mailan zein Europan.
Atabal, Euskal Kultur Erakundea eta Combustible elkarteek dute lehenik sortu ACME+ kontsortzioa, kultur arloko trukaketak Europan zehar bultzatzeko. Behin egonkorturik, eta oztopo administratibo batzuk gainditzeko, egitura gehiagori zabaltzea erabaki dute, 2024ean: formakuntza bat segituz bezala, Plazara ere sartu ahal izan da kontsortzioan, kultura eta hizkuntzen biziberritzearen arteko lotura lantzeko funtzioarekin.
Plazarak bere proiektu bat sendotzeko ere baliatuko du Erasmus+ dispositiboa: hizkuntza lankidetzarena, Euskal Herri mailan zein Europan. Halaber, dispositibo horrek egituren arteko harremanak errexten ditu, eta Hego Euskal Herrian diren elkarteekin loturak egonkortzeko edo sortzeko baliatu ditugu: Euskarabentura Getxon, Zenbat Gera Bilbon, … Egonaldiak eginez Hegoaldean, euskarari lotu beste errealitateak, baita gure hizkuntza biziberritzeko esku-hartzeak ezagutu eta obserbatu nahi ditugu.
Egonaldia Katalunian
Euskal Herriaz haratago, baina beti hizkuntzen arloan, iraila hastapenean Bartzelonan ere egin dugu lau eguneko egonaldia, bereziki egitura batekin harremanetan sartzeko: Plataforma per la Llengua. Katalan hizkuntzaren normalizazioan anitz eragiten duen elkartea da, eta horien antolaketa zein lan-ildoak aurkeztu dizkigute, goiz aberasgarri batean zehar. Bartzelonako karriketan, saltegietan, liburu ekoizpenean, administrazioetan… katalan hizkuntzaren presentzia eta erabilera ere neurtu ahal izan dugu.
Alabaina, haientzat ez da oraino aski egina izan, baina guretzat, lan erraldoi baten emaitza da ageri Kataluniako hiriburuko plazetan. Gure harridurarako, deskubritu dugu Naruto manga edo Miñan liburua ere katalanera itzuliak izan zirela, salmenta ederrekin, gainera! Azkenik, CPNL egiturarekin, katalan klaseen doakotasuna ere landu dugu, baita migrazio fluxuei egokitzeko gai den egitura baten erreaktibitatea, hizkuntza-harrerak antolatzeko.
Hainbat gauza berri, jorratzen segitu nahi duguna: Erasmus+ dispositiboarekin, Europako adituak eta aktibistak ere Euskal Herrira ekarraraztea espero dugu, euskaltzaleekin memento aberasgarri gehiago partekatzeko asmoz.