2025-08-20

Egoitza partekatua, Baionan !

2024 urte hasieran, Baiona erdigunean 120m²ko espazio bat biziarazteko ideia lantzen hasi ginen PLAZARA kolektiboaren baitan. Urte bat berantago, hamarbat egiturek elkarlanean, ON! EGOITZA biziarazten dugu. Zer ote?

Lapurdiko hiriburuan kokaturik, San Andres eta Patxa plazen artean, ON! GUNEA toki ikusgarri eta estrategikoan kokatua da. Kanporantz irekia den bizigune bat da; aldi berean lanerako tokia eta euskararen munduetara sartzeko atea.

Mutualizazioa eta lankidetza

Euskalgintzako 9 elkarteen artean altxatu dugu proiektua hau: BADA gazte hedabidea, BIGA BAI guraso elkartea, ELKAR argitaletxea, HEDABIDEAK euskarazko hedabideen sarea, EUSKAL KONFEDERAZIOA, PLAZARA diziplina anitzeko kolektiboa, TAUPA mugimendua, UEU eta noski ON! Piztu euskara(z). Oraindik tokia bada zuretzat: zatoz!

Hainbat funtzio betetzen dituzten 3 espazio biziarazten ari gira: bilkura gela, euskararen denda, koworking espazio, sukaldea, liburutegia, erreprografia txokoa… Hirugarren toki (edo “tiers-lieu”) moduan antolatzen dugu: sortzeko, biltzeko, lan egiteko eta momentu goxo bat pasatzeko eremu ireki, atsegin eta funtzionala izatea.

Arnasgune bat Baionan

Loratzeko, hizkuntza batek espazioak eta funtzioak beharrezkoak ditu. Euskarak eta euskaraz lan egiten dugunek ere espazioak behar ditugu. Bereziki prekarizatutako eta atomizatutako euskalgintza batentzat. Euskararen alde ari diren elkarte asko, langile bakarreko egiturak dira. Egunerokoan bakarrik izatea zaila da; inspirazioa, korapiloak askatzea eta estimulazioa trabatzen du.

ON! GUNEA ez da PLAZARA kolektiboaren egoitza; besteekin partekatzen eta biziarazten dugun espazioa da. Hasierako pindarra guk piztu dugu: proiektuaren lehen orriak idatzi ditugu, abentura horretan bilduko ziren eragileengana joan gira, partaideak bilatu ditugu. Hartutako arriskuaz harro gira. Geroztik bakoitzaren ekarpenari esker bizitzen dela oino gehiago. Eta bihar kanpoari irekiko dela eta animazio programa bat plantan emanen dugula ikusteaz, zer erran?!…

Irakaspenik ez ahaztu

Elkarrekin lortzen dugu bakarrik ezin genukeena: alokairua denen artean ordaindu, bizikidetzarako arauak elkarrekin definitu, eguneroko funtzionamendurako erreferenteak izendatu, dohaintza kanpaina baten bidez ekipatu, materiala partekatu… kooperazioa hitzetatik ekintzetara! 

Informazioa & Erreserbak:

Milesker:

Seaska eta Béatrice Molle-Haran zuen konfiantzarentzat.

Milesker egoitza ekipatzen lagundu gaituztenak: Konpontxoko, Patxama, Egiazki, SARL Ithurbide, Ezkandrai, Zenbat gera,  Jakinola, Taupa, Ziburuko herriko etxea, Mintzalasai, Erabil kolektiboa, Jardinerie Lafitte, Donibanekopi…

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak