Argazkiaren aurkezpena

Europako hizkuntzen eguna izateaz gain, irailaren 26a egun berezia da PLAZARArentzat: badu 2 urte orain abentura horretan abiatu ginela eta urte bete proiektua aurkeztu genuela Azkaineko plazan. Egindako bideari buruz bizpahiru gogoeta partekatzeko eta datozen hitz orduak iragartzeko aitzakia erabiliko dugu beraz.

Plazara lurraldeko biztanle eta eragileen egunerokoan euskara presenteagoa izatea bilatzen duen diziplinarteko kolektiboa da. 2022ko urrian sortua, ibilbide, belaunaldi eta profil ezberdinetako 5 pertsona biltzen dira abentura horretan eta Euskal Herri osoko 200 kidek babesten dute proiektua (Plazalagun / Plazakide).

Bi amets…

Buruan genituen xede batzuk gauzatzeko sortu ginuen PLAZARA tresna. Sinplifikatzeko, bi multzotan biltzen ditugu:

Hizkuntza bitartekaritza indartu:

• Informazio-sentsibilizazio tresnak sortzen ditugu, erdaldunentzat euskara hurbilago izateko, euskaldunentzat presenteago eta egiturentzat praktikoago (jokoak, argitalpenak, gertakariak, podkastak, tailerrak…).
• Horren baitan, urte bukaeran sentsibilizazio estrategia partekatu zabala aurkeztu dugu publikoki.
• 12 hilabete iraun duen eta euskalgintzako 15 eragile bildu dituen prozesu parte hartzaile baten baitan, “ON!” izena eman diogu eta “Pizten gaituena – Se connecter à l’euskara” izanen du lema.
• Adi egon! Zure laguntza beharko dugu “ON!” lau haizetara hedatzeko.

Hizkuntza lankidetza garatu:

• Euskararen aldeko borroka mundu mailan kokatu nahi dugu, biziberritzen ari diren hizkuntza komunitateengandik asko dugulako ikasteko.
• Horren baitan, urriaren 10 eta 11an mundu zabaleko 20 aktibista Ipar Euskal herrian gaindi ibiliko dira (Biriatu, Baiona, Bidarrai…).
• Urriaren 10ean ostegunez erakusketa eta mintzaldia antolatuko dugu Biltxokon, haien borrokak eta errealitateak ezagutzeko eta pintxo batzuen inguruan trukatzeko.
• Adi egon! Haiekin egoteko, garraiatzeko edo pintxoak prestatzeko laguntza beharko dugu.

… eta zerbitzuak

Euskal Herrian badakigu ametsek aitzinatzen laguntzen gaituztela, baina hortik bizitzea ez dela errex. Horregatik PLAZARAn egiturak laguntzen ditugu euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izaten.

Nola? Elkarteetan euskara xartak egokitzen, komertzioetan aholku praktikoak ematen, eskoletako burasoak inplikarazten, Herriko Etxeen hizkuntza politika hurbilak lantzen, euskarazko itzulpenak egiten, euskara ikasi nahi dutenak euskaltegira bideratzen, ikasten ari direnak usaia berrietan sustengatzen, euskaldunak lotsa galtzen laguntzen…

Gure eskaintza 4 ardatzen inguruan egituratzen dugu : Komunikazioa – Aholkularitza – Formakuntza – Antolaketa. Bi urtez, 116 egiturekin lan egin dugu: %64a elkarteak, %21a instituzio publikoak eta %15a enpresa edo komertzioak.

Lorpenak eta frustrazioak

Denbora laburrean urrats handiak egin ditugu. Urte bukaeran ekingo diogu bilan zehatz eta kuantifikatu bati. Bitartean, erran dezagun proiektuan %100ean inplikatutako 4 pertsonek lan kontratu bat dutela duela 10 egun orain. Denboraldi partzialean bada ere, gure aktibitatetik bizitzen hasiak gira eta hori ere goxo da.

Ttuku-ttuku berrantolatzen ari gira besteentzat garatzen ditugun zerbitzuek ez dezaten gure energia eta denbora guzia jan. Horri esker, proiektu berri batzuk fintzen ari gira 2025 eta 2026erako: euskararen munduetara murgiltzeko ihes-joko interaktiboa, hizkuntza ohiturak aldatzeko familia egonaldia, periferietako euskara teknikarien eskola ibiltaria, “Euskara askatu!” formakuntza zikloa, sektore sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko plangintza… Horretan, eta aitzinago aipatutakoan ere, EMUN bidelagun paregabea litzateke.

Baina egunerokoak jana, ez dugu den-dena nahi bezala obratzea lortu. Gure frustrazio handienetarikoa proiektu hori ez gehiago partekatu izana da. Konbentzituak gira atxikimendu kanpaina denboran sustengu ekonomiko eta morala eman diguzuen 200 Plazalagun eta Plazakideekin badugula zer egin. Lan teknikoa eta aktibismoa nola uztartu gogoetatu dugu eta Bartzelonara ere joan gira Plataforma Per la llenguako lagunek nola egiten duten ikustera. 40 langile eta 26.000 bazkide… Badugu zer ikasi eta hobetu! Hori izanen da ere datozen hilabeteetako erronka: toki bat eraiki gure plazan, gurekin lan egin nahi dutenentzat.

Euskararen biziberritze prozesuari ekarpen xume baina konkretua egin nahi diogu, tokian toki eraginez baina mundu mailan gogoetatuz

Ondoko asteak arte!

2025 urte hasieran, PLAZARA elkartea kooperatiba bilakatuko da. Urrats handia da guretzat. Eta horren harira Biltzar nagusi idekia eta informazio bilkurak antolatuko ditugu. Zuekin zuzenean trukatzeko aukera izanen da.

Bestalde urriaren 10 eta 11an Garabideko aktibistekin edo azaroaren 8, 9 eta 10ean Lurraman eskukaldi baten emateko motibatua bazira, gurekin harremanetan sartu.

Bitartean, izan uros eta kurios!