2026-11-18

Trugarez Breizh!

Azaro erditsutan, Plazara taldeko kide batzuk Bretainiara joan dira, Emglev Bro Douarnenez elkarteak gomitaturik. Elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten, eta urtero antolatzen duen Dispar Amzer festibalaren barnean hartu gaitu. Bidaia laburra izan da, baina ondorio luzekoa.

Noirmoutier: mila familia, mila amets

Bidean, Noirmoutier uhartean gelditu gara Matyas Le Brun ezagutzeko. Hizkuntza aktibista da, eta mila bizi bizi izan ditu. Orain 1000 Familh egitasmoa abiatu du: 2035erako mila familiek bretoiera etxean transmititzea.

Ideia urrundik heldu da. Zeelanda Berriko hegoaldean, Kāi Tahu komunitateak Kotahi Mano Kāika egitasmoa abiatu zuen 2000. urtean, maoriera mila etxetan berriz errotzeko. 2025ean 1.500 familiatik goiti ziren. Maoriek hawaiiarrak lagundu zituzten lehenago, eta orain bretoiak laguntzen dituzte.

Mezua argia da: hizkuntza bat ez da eskolan bakarrik salbatzen, ez eta legeetan bakarrik. Etxean ere jokatzen da, sukaldean, haurraren eta burasoaren arteko maitasunean. Gure Famili’on egonaldietan landatzen dugun hazi bera da. Luzaz mintzatu gara, elkarrekin amets egin dugu, eta proiektu batzuk elkarrekin eraikitzen segitu nahi dugu.

Douarnenez: herri gorria, herri bretoia

Douarnenez ez da edozein portu. 1924ko neguan, kontserba lantegietako 2.000 emazte langile, Penn Sardin deituak, grebara atera ziren. Sei astez iraun zuten, eta irabazi zuten. Herri osoa haien gibelean eman zen, arrantzaleak barne. Geroztik “herri gorria” deitu izan zaio Douarnenezi.

Gaur egun ere borrokalaria da herria. Hango zinema festibalak urtero biltzen ditu munduko herri gutxituak, 1970eko hamarkadaren bukaeraz geroztik. Bretoiera karrikan entzuten da, ostatuetan eta kantuetan. Chez Jeanine, La Calle, La Patte d’Oie, Le Chamouette… Ostatu horietan berriz ikusi dugu hizkuntza, kultura eta errebeldia, ez dela museoan atxikitzen. Bizi den tokietan atxikitzen da: kantuan, solasean, gauean.

Bi mahai-inguru, borroka bera

Azaroaren 11n euskararen egoeraz mintzatu gara Gwenole Larvol-ekin. Brestgo unibertsitatean (UBO) bretoiera eta kultura bretoiaren arduraduna da. Azken urteetako bilakaerez solastatu gara, datozen erronkez, eta Euskal Herriak eta Bretainiak elkarri zer eman diezaioketen. Ondotik, Bilaka Kolektiboko lagunek kontzertua eskaini digute.
Biharamunean, bretoi, okzitaniar eta euskal sortzaileekin bildu gara gogoeta egun batean. Gaia hau zen: Krouiñ ha kanañ e yezhoù minorelaet, hots, hizkuntza gutxituetan sortu eta kantatu. Zergatik sortu hizkuntza gutxitu batean? Nola gainditu zilegitasun falta eta hizkuntza segurtasunik eza? Nola lagundu elkarri?

Sare bat, ez uharte bat

Ez gara bakarrik. Hori izan da Bihar kongresuaren lehen ikasgaia. Hori da ere Aditu programaren zentzua: urtero, Garabiderekin, munduko hizkuntza aktibistak hartzen ditugu elkarrengandik ikasteko.
Bretainiako bidaia hari beraren segida da. Hizkuntza gutxituen arteko lankidetza gure biziberritze estrategiaren parte da.

Milesker Emglev Bro Douarnenezeko taldeari harrera beroagatik.
Milesker ere Claude eta Nathalieri, beren etxeko atea ireki digutelako.

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak