Irailaren 26an, larunbatean, BIHAR nazioarteko kongresuaren gailurra izanen da, herri-mobilizazio ibiltari eta irekiaren bidez.
Hitzordua 10:30etarik da, Ficoban, Joan Petit militante okzitaniarraren etxeari harrera egiteko. 11:00etan, desfile musikatu bat abiatuko da Ficobatik, Donibane zubi txikira arte. Han, 11:15ean, manifestuaren irakurketa eleaniztuna eginen da, txalaparta eta dantzarekin lagunduta.
Eguna eguerditan bukatuko da, Borderline fabrikan, zintzur bustitze alaitu batekin, aitzineko gaualdien giro herrikoiari jarraikiz. Irailaren 26a, Europako hizkuntzen eguna da; guk Europatik mundura zabalduko dugu hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria.
Sinbolo osoa
Joan Petit izena ez da halabeharrez hautatua. Rouergueko (okzitaniar lurraldeko) pertsonaia historiko bati egiten dio erreferentzia: 1643ko Croquants-en altxamenduaren buruetariko bat izan zen, botere errealaren aurka. Bere etxea suntsitu zuten mendekatzeko, eta tortura jasan zuen — gertakari horrek bizirik iraun du herri-memorian, batik bat bere izena daraman kantu tradizionalaren bidez.
Carrieras Occitanas mugimenduko lagunekin, egurrezko etxe bat eraikiko da haren irudira, eta hogei bat lagunek besoetan eramanen dute. Botere autoritarioak suntsitu duena (gure hizkuntzak, gure kulturak, mundua ikusteko gure moldeak…), herri-mobilizazioak berreraikitzen du — eta kolektiboki eramaten du, ikur baten gisara.
Egurrezko etxe hori munduko lau bazterretarik etorritako hizkuntza-aktibistek altxatuko dute, baina baita militante feministek, unibertsitarioek, hautetsiek, artistek, gizarte zibileko ordezkariek, laborariek eta olerkariek ere. Azken adierazpena irakurriko den teilatu bilakatuko da.
Egun horrek kongresuaren gailur sinbolikoa osatzen du: hizkuntzen jaikitze kolektibo eta ibiltari bat, azken adierazpenaren aurkezpenak eta itxiera-ekitaldi batek lagundurik, Hendaian.
Irailak 26, larunbata: Ficoba > Borderline fabrika
- 10:30 Joan Petit militante okzitaniarraren etxeari harrera (FICOBA)
- 11:00 Desfile musikatuaren abiatzea (FICOBATIK)
- 11:15 Manifestuaren irakurketa eleaniztuna – Txalaparta – Dantza (DONIBANE ZUBI TXIKIA)
- 12:00 Zintzur bustitzea alaitua (BORDERLINE FABRIKA)
Denentzat irekia. Doakoa. Izena eman gabe.
Antolatzaileak:
Garabide – Plazara – Soziolinguistika Klusterra – Taupa
Mintzaldien, gaualdien eta mobilizazioaren egitaraua osoa: