2026-08-31

Ikasturte berriari so

Plazara proiektuak 4 urte betetzen ditu 2026ko irailean. Eta energiaz beterik hasten dugu ikasturte berria!

Bihar nazioarteko kongresua, formakuntza katalogoaren egituraketa, proiektu artibista baten sorrera, familion egonaldi berriak, lantaldearen egonkortzea… egitasmo ederrak izango ditugu obratzeko aurten ere. Eta hitz ordu publiko frango, publiko zabalarekin elkartzeko: zine gaualdiak, mintzaldiak, tailer idekiak, bisitak.

Lankidetza ardatz

Proiektuak elkarlanean garatzen segituko dugu gure partaide historikoekin:

  • Bihar kongresua: Garabide, Soziolinguistika klusterra eta tauparekin besteak beste.
  • Familion egonaldiak: Aek, Uda leku, Dindaia, Ebete eta aurten lagun berriekin.
  • On!: Euskalgintzako eragile sozial eta instituzional askorekin.
  • Ikerketa proiektu handi bat: Eusko ikaskuntzarentzat.
  • Sentsibilizazio tailer berriak: Euskal monetarekin.

Partaidetza, gure ADNean da eta bide horretan segitu nahi dugu.

Baina Euskal Herritik mundura begira egon nahi dugu aurten ere, konbentzituak girelako asko dugula ikasteko bata bestearengandik eta asko dugula irabazteko elkarrekin arituz. Bide horretan, ikasturte berria aberatsa izango da:

  • Mundu osoko aktibista sorta ederra bilduko da Irun eta Hendaia artean irailean.
  • Aditu ikastaroa Ipar EHtik pasako da urrian.
  • Maputxeei buruzko zine gaualdia antolatuko dugu urrian.
  • Bretainiara joanen gira azaroan.
  • Harremanetan segituko dugu Amazigh gazteekin.
  • Eta agian Italia iparrera bidaia eginen dugu 2027 hastapenean. 

Sartze seminarioa

Hori guzia ongi prestatzeko eta udako bakantzetatik goxoki sartzeko, 3 eguneko lan saio berezia antolatu ginuen lantalde guziarekin. Ibilaldi, lan saio, bainatze, formakuntza, bazkari… lan giro serioz baina atsegin baten bermatzea ezinbestekoa zaigu.

2026/2027 ikasturtearen agendari begira jartzeaz gain, Plazara kolektiboan erabakiak nola hartu nahi ditugun gogoetatu dugu, Rosa Ramos (https://uharri.eus/) Nafarroatik etorri zaigu soziolinguistikaz formakuntza bat ematera, proiektu metodologia landu dugu eta gure kanpo komunikazioari buruz bizpahiru gogoeta ere egin ditugu.

Lanerako prest beraz! Sartze on deneri; bidean topatuko gira.

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak