2026-04-21

Frisiera hizkuntza ezagutzen

2026ko apirilean, Erasmus+ dispositiboari eta Acme+ kontsortzioari esker, egonaldi bat egin ahal izan dugu Herbeheretan, bereziki Ljouwert hirian. Euskal Herrian guti ezaguna zaigun frisiera hizkuntza eta bere komunitatea ezagutzen hasi gira han.

Ingelesaren jatorrian den hizkuntza da frisiera: bi hizkuntzak eta nederlandera, eskola hirueledunetan irakatsiak dira gaur egun, baita helduen klaseetan ere. Hiru hizkuntzen arteko hurbiltasunak egiten du Frislandiako biztanleek errexki ikasten dutela frisiera: probintziako 650.000 biztanleek kasik denek ulertzen dute, baina etengabeko lana eta borroka da hizkuntza horri zentzua ematea egunerokoan.

Halaber, sozialki guti presente eta erabilia den hizkuntza da, nahiz-eta biztanleriaren gehiengoak ulertu eta jakin. Lan hori eramateko sortu zuten Afûk elkartea, 1928an (!). Hizkuntzaren biziberritzearen eragile nagusia da jendartean.

Herri ttipietatik nazioartera

Ez gira guti harritu Afûk elkartearen aktibitatea ezagutzean: 40 langileen artean, hizkuntza planak, itzulpenak, ahalduntze tailerrak, sentsibilizazio kanpainak, literatura ekoizpen eta argitalpenak, saltegi baten kudeaketa, besteak beste, eramaten dituzte.

Hortik, deigarriak egin zaizkigu horien bi proiektu, Mirjam Vellinga elkarteko kideak azpimarraturik:

  • Herri ttipietan eramaten duten lanketa: hizkuntzaren ezagutza %80koa da horietan, beraz estrategikoa da erabilera, komunitatea eta identitatea lantzea hor, tokiko jendearekin elkarlanean. Herbeheretako gobernuaren laguntza ukan dute lehen aldiz zuzenean, proiektu horrentzat.
  • Nazioarteko ikuspegia atxikitzea: Europan finkatzeko, elkartasuna eta inspirazioa bilatzeko, prestigio gehiago eskuratzeko, eta eguneroko aktibismoa errexagoa izan dadin. Europar laguntzak ukan dituzte hori landu dutenetik, eta euskararen biziberritzea hurbiletik segitzen dute.

Plazara ezagutzean, eskua berehala luzatu digute elkarlanerako: ea lehen kontaktu horrek zer uzta ekartzen digun! Baskysk en Fries hân yn hân mei each op ‘e takomst.

Urrunago joaiteko

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak