2025-10-06

ON! piztu da!

Plazara kolektiboak aktiboki parte hartu du sortu berri den ON! proiektuaren definizioan, elikatzean eta obratzean. Oraindik goiti, ON! marka partekatu bezala funtzionatuko du. ON! ez da eragile baten proiektua. ON! euskararen alde lan egiten duten eragile guziena da. Hau da bere indarra!

Zer aurki daiteke ON.eus atarian?

  • Sakoneko artikuluak, gaur egungo erronkak hobeto ulertzeko.
  • Baliabide praktikoak, transmisio linguistiko eta kulturala laguntzeko.
  • Agenda eguneratua, tokiko ekitaldi eta ekimenekin.
  • Audio-lexikoak eta deskargatzeko hiztegitxoak, euskara ikasten hasteko lehen urrats gisa.
  • Euskarri multimediak (argazkiak, bideoak, podcastak), gure eguneroko aberastasuna islatzen dutenak.

Webgune erreferente bat

Webgune honek euskararekin harreman zuzena duten pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea du xede. Horretarako, eduki praktikoak sortu, bildu eta publiko zabalaren esku ematen ditu.

Behar espezifikoak dituzten lau publiko konkretu begiztatzen ditu:

  • Haurrak euskararekin loratzen lagundu nahi duten gurasoak,
  • Euskara ikasten ari diren ikastunak,
  • Euskaraz bizi nahi duten euskaldunak,
  • Euskararen inguruan interesa duten erdaldunak.

Gure inplikazioa

ON! marka partekatua da, urratsez urrats eta kolektiboki eraikia. Gaur egun, ON! sentsibilizazio estrategiaren gauzatzea helburu duen elkarte batek osoki kudeatzen du.

Bi urtez, Plazara izan da ekimenaren animatzaile nagusietakoa: proiektuaren definizioa, diru-laguntzen eskaerak, lan bilkuren dinamizatzea, eragileen mobilizazioa… Orain, webguneko edukien elikaduran parte hartzen dugu, euskararen biziberritzean engaiaturik diren elkarte eta erakundeetako hogei bat eragilerekin batera. Hau baita lankidetzaz dugun ikuspuntua: terrenoko beharrei erantzun, egituren interesei kezkatu aitzin. 

Eta orain?

ON! garatuko da. Abentura honetan parte hartu nahi duten guztien ekarpena ongi etorria izanen denez, beste eragile askok bezala lan desberdinetan parte hartuko dugu.

Ezagutu orain ON! proiektua eta murgil zaitez bere edukietan!

Euskararen ataria
Euskararen egoitza

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak