2026-01-06

Urte berri on!

Lantaldea indarturik, funtzionamendua eguneraturik eta proiektu berriekin hasi dugu 2026 urtea. Bere beso txikiekin, mundu nahasi horri norabide berri bat emateko prest! 

Plazarak 3 urte bete ditu; ez gira gehiago sortu berriak eta ez oraindik gaztaroan sartuak. Bere bi zangoen gainean ibiltzen ikasi duen eta mundua deskubritzeko gosez den haurra bezala gira.

Asko dugu ikasteko / ikusteko, baita ekartzeko ere. Euskararen biziberritze prozesua molde konkretuan elikatzen segitu nahi dugu. Ilusioz eta determinazioarekin. Badugu lan, baina gogoko aldapan nekerik ez!

Pausoz pauso, herriz herri eta auzoz auzo

Urratsez urrats, milimetroz milimetro eta pertsona bakoitza dantzan sartuz egiten da bidea. Gure auzo, lagun, lankide, familiako edo ezagun bakoitza, euskararen aldeko borrokari batuz.

  • kontra direnak desaktibatuz,
  • urrun direnen interesa piztuz,
  • hurbil direnak aliatu bilakatuz,
  • erdaldunak euskaldunduz,
  • euskaldunak aktibatuz,

Bakoitzak badu zertxobait polita ekartzeko, euskararen aldeko mugimenduari.

Esperantzara kondenatuak

Hizkuntza aniztasunaren betaurrekoekin, desberdin ikusten da mundua. Ta begipean dugunak ez gaitu lasaitzen:

  • inperialismoaren intentsifikazioa Hego Amerikan eta Ekialde hurbilean,
  • autoritarismoaren hedatzea kontinente guzietan,
  • desberdintasun eta diskriminazioen areagotzea gure jendarteetan,
  • bioaniztasunaren mehatxatzea bazter orotan…

Baina zer egin dezakegu, guk, horren aitzinean?!” galdetuko du batek baino gehiagok, etsiturik. “Ba, lan egin, antolatu, borrokatu eta esparantzarik ez galdu”.

Filosofia horretan segituko dugu guk lan egiten: 2026an, Euskal Herri eta mundu libreagoa, parekideagoa, justuagoa, jasangarriagoa eta askotarikoagoa eraikitzen, euskaratik eta euskaraz.

« Utopia horizontean da. Bi pauso aitzina egiten ditut, eta bi pausoz urruntzen da. Hamar pauso gehiago egiten ditut, eta hamar pausoz urruntzen da. Nahi bezainbeste ibili arren, ez naiz inoiz horizontera iritsiko. Zertarako balio du, orduan, utopiak? Horretarako preseski: aitzina egiteko balio du. »

Eduardo Galeano

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak