2022ko urte bukaeran abiatu zen Plazara abentura, proiektuari forma emanez. 2023 urtean, uste (eta nahi?) baino goizago hasi ginen lanean, partaide anitzekin eta zeregin arrunt desberdinetan. Urte berri hori hasiko dugu azken 12 hilabeteetako bilana zehatza eginez eta Plazara hobeki kokatuz euskalgintzaren panoraman.
Azken aldietan, gure inguruko jendearekin elekatuz, 3 gauzetaz ohartu gira:
1) Jende askok Plazara ikusten duela zerbitzu hornitzaile soil gisa.
2) Jende askok ez du batere argi zertan ari giren konkretuki.
3) Jende bat prest tarteka eskukaldi konretu baten emateko, baina ez dugu jakin definitzen zer eta nola.
Hein batean normala da; Plazara biziki proiektu berdea da oraindik, eta gure lehen urrats batzuk traketsak izan dira behar bada.
Proiektua hobeki kokatu
Plazara sortu genuelarik, amets ttiki batzuei bizi emateko izan zen. Eta halako abentura eroari eredu ekonomiko zerbait emateko, “zerbitzu” atala garatzea pentsatu ginuen.
Geroztik, hamarnaka eragilerekin ibili gira lanean, gure ekarpena eginez arlo zehatzetan: Itzulpena – Komunikazioa – Formakuntza – Aholkularitza – Antolaketa… Horiek hola, ‘gure zerbitzuek’ gaina hartu dute, ‘gure proiektuak’ bigarren plano batean utziz.
Aurten, gure lanak berriz orekatuko ditugu bi proiektu nagusiei oldar berri bat emanez:
- “Ongi etorri euskarara” sentsibilizazio dispositiboa: gure lurraldeetako biztanleriarentzat euskararen munduak eskuragarriago egiteko estrategia, ekintza eta tresnak lantzen ari gira. Marka partekatu bat, Webgune erreferente bat, paperezko euskarriak, terrenoko ekintzak eta euskararen ‘etxetxoa’ ditu ardatz.
- Hizkuntza aktibisten arteko lankidetza: mugimendu feministak eta ekologistak egin duen gisan, euskararen aldeko borroka mundu mailan kokatu nahi dugu Garabide elkarteko lagunekin partaidetza estuan. Asko dugu ikasteko batak bestearengandik. Eta asko dugu irabazteko, elkarrekin arizanez.
Biltzar Nagusia
Orain arte egindakoaren bilana egiteko eta ondoko hilabeteei begira proiektatzeko, biltzar nagusia antolatuko dugu otsailaren 9eta 10ean. Bi denboratan iraganen da :
- Ostiral arratsean supazter giroan, Arbonako Arantzola euskararen arnasgunean.
- Larunbat goizez, mendiei so, Bidarraiko plazako gelan.
Plazararen biltzar nagusia, denei idekia da. Gibeltasunarekin begiratuko diogu orain arteko ibilbideari, gardentasun eta demokrazia ariketa batean.
Plazako ateak zabaldu
Bukatzeko, aurten gure proiektua Plazalagun eta Plazakideekin definituko eta obratuko dugu. Hasieratik erran izan dugun bezala, “hau ez da 5 katuren abentura izatera mugatzen ahalko!”. Erronka handien aitzinean, mobilizazio zabalagoa beharko dugu.
Aurten, ideia berri eta ero andana badugu obratzeko.
Otsailaren 9 eta 10ean ikusiko dugu elgar.