ON ! proiektuaren definizio fasea bukatu da

2020eko krisi sanitarioak egunetik biharamunera etxeetan konfinatu gintuela, ikastetxetik eta euskaltegitik kanpo milaka herritarrek euskararekin harremana atxikitzea zaila zutela ohartu ginen. Lapurdiko txoko txiki batetik, edukiak sortzen eta hedatzen hasi ginen Mintzalasai.eus atarian. Webgune horrek 6 hilabetez 60.000 bisita baino gehiago izan zituen. Hiri-eremu bati eta festibala bati sobera lotua zela kontzientzia harturik, tresna zabalago, eraginkorrago eta partekatuagoa sortzeko ideia hor sortu zen.

Geroztik, proiektuak bide egin du: 2021ean Ipar Euska Herriko ekosistema komunikatiboa aztertzeko ikerketa lan bat egin zen (Hausnartu-Txillardegi saria irabaziz), ideia hau eragile sozial eta instituzionalekin partekatu zen, baliabideak lortzeko saiakerak egin ziren… Baina 2023an gauzak sobera emeki aitzinatzen zirela ikusirik, urte bateko gogoeta zikloa abiatzea erabaki zen.

14 hilabetez euskalgintzako 15 eragile egun erdiko 11 lan saiotan bildu dira, “ON!” deitu duten sentsibilizazio dispositibo partekatua definitzeko. Prefigurazio fasea bukatuta, obratzera pasako gira 2025eko urtarriletik aitzina

Plazara motore

Hola hasi ginen 2 hilabetero biltzen euskalgintzaren muinean ibiltzen diren 15-20 pertsonen artean. Helburua buruan genuen ideia partekatzea eta denen artean hobetzea zen. Hasieran ongi-etorri.eus ataria sortu nahi ginuen, baina bakoitzaren ekarpenekin hori baino proiektua ederragoa definitu dugu. 

Giro onean, 11 lan saio ideki eta publiko antolatu ditugu Urruñan, Kanbon, Baionan, Senperen, Miarritzen, Uztaritzen, Donibane Lohizunen. Eskertu behar ditugu beren ateak ideki dizkiguten herriko etxe eta gertakariak. Prozesu luze horretan, Plazara asko inplikatu da proiektuan eta kolektiboak erakutsi duen energian asko sinesten dugulako.

Prefigurazioaren emaitza

14 hilabeteko lanketaren ondotik, 2024eko abenduan prozesu hori bukatutzat eman dugu. Izen bat (ON!), 3 helburu, 4 lan ardatz eta 4 xede publikoren inguruan egituratua den proiektua definitu dugu. Euskararen inguruko sentsibilizazio dispositibo partekatu bezala aurkeztuko da. Proiektuak oinarri sendoak ditu orain obratze fasera pasatzeko.

ON! kolektiboki eraikia izanen da beraz 2025eko urtarriletik goiti. Hartara osoki dedikatutako elkarte batek eramanen du euskalgintzako elkarteekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta hurbil ditugun beste instituzio publikoekin elkarlanean (Herri elkargoko euskara saila, Herriko etxeetako euskara teknikariak…). Europako FEDER diru laguntza deialdietara ere aurkeztu dugu, eragin handiko proiektua izatea nahi dugunez, baliabide sendoak lortzea ezinbestekoa baitzaigu.

ON! proiektu ederra da. Udaberrian detailetan aurkeztuko diogu publiko zabalari (pazientzia pixka bat izan beharko duzue). Komunikazioaren jendartean bizi giren garaiotan eta hainbeste herritar euskararen munduetatik hain urrun bizi diren lurraldean, ON! proiektuak euskararen inguruan dinamika iraunkorra piztea eta sendotzea du xede. Pedagogia, elkarlana, bitartekaritza, enpatia eta harreman zuzena ditu ardatz.

ON! Pizten gaituena.