2024ko sartze honetan, Plazarak hizkuntza lankidetza proiektuan urrats nagusi bat markatu du: Garabide elkartearekin hitzarmena adostuz, munduan biziberritzen ari diren hizkuntzak etorkizuna kontatzen eman nahi ditugu.
Plazara sortu dugunetik, hastapen-hastapenetik bidelagun nagusienetan izan dugu Garabide: Aretxabaletako (Gipuzkoa) elkarte hau eskertu nahi dugu, egin digun ekarpen moral eta ekonomikoagatik, erabakigarria izan delako Plazararen egituratzean, baita hizkuntza lankidetza proiektuak obratzerakoan.
Horri esker, bi urtez, Europako zein Quebeceko hizkuntza komunitateekin sartu ahal izan gira harremanetan, eta bide interesgarria egin dugu, jada, Rif eskualdeko Amazighekin: jardunaldi batzuetan parte-hartu genuen Al-Hoceima hirian 2022an, eta riftar hizkuntza-akitibistek aste bateko egonaldia egin ahal izan zuten Euskal Herrian, 2023an.
Inspirazio-iturri
Horrez gain, munduko beste hainbat hizkuntzekin ere trukaketak izan ditugu: 2023an, udako ikastaldi batean, edota, gaur bezala, Garabideren Aditu Programaren baitan, hizkuntza biziberritzeko esperientziak partekatzen. Konbentzituak gira hizkuntzen arteko lankidetzak erabakigarriak izanen direla gure etorkizun kolektiboari begira: gure tresnak eta ekintzak elkarren arteko inspirazio-iturri izan daitezke, eta etorkizuna elkarrekin kontatu dezakegu.
Egunotan, Baiona Biltxokon eman dugun erakusketak dion bezala, biziberritzen ari diren hizkuntzok anitz dugu ekartzeko amalurra eta munduari: Plazara eta Garabideren arteko hitzarmenetik ere, hizkuntzok ekartzen dugun hori argikiago definitu nahi dugu, bakoitza gure lurretan indartsuago izan gaitezen, eta hizkuntza aniztasunerako beharrezko dugun etorkizun hura aldarrikatu eta obratu dezagun!