Euskara, urratsez urrats haurrekin bide egiten

Egun, otsailaren 14an, Eneko ALDANA-DOUAT, Philippe ARAMENDI, Kotte ECENARRO eta Jean-François IRIGOYEN, hurrenez hurren Ziburuko, Urruñako, Hendaiako eta Donibane Lohizuneko auzapezak, Itziar AIZPURU, Mirentxu ARAMENDI, Pello ETCHEVERRY eta Fanny LASCUBE euskara arloko hautetsien laguntzarekin, elkartu dira euskararekiko sentsibilizazioaren inguruko egitarau aberats bat aurkezteko.

Sentsibilizazio hamabostaldia

Lehen aldia Hego Lapurdin

Martxoaren 15etik 30era, hamar bat hitzordu proposatuko zaizkio urririk publiko zabalari: unibertsitateko irakasleen hitzaldiak, deskubrimendu tailerrak, irakurketak, topaketak, ikusgarriak… Mintzaldi eta animazio ziklo berri honetan, gai andana landuko dira: haurrak etxeko lanetan laguntzea, gurasoen rola, haur eta gazte literaturaren eta eskolaz kanpoko jardueren garrantzia, etab.

Ziklo horren baitan, Michel FELTIN-PALAS kazetariak, Paula KASARES antropologoak, Philippe BLANCHET unibertsitateko irakasleak, Kike AMONARRIZ soziolinguistak eta Xan AIRE eta Elorri GARATek mintzaldiak emanen dituzte herrietan.

Horrez gain, egitarauan animazioak ere badira, euskararen transmisioa gozatuz eta ongi pasatuz ere lantzeko: euskara deskubrimendua burasoentzat, euskaraz irakurtzen ikasteko tailerra, Gurashow taldearen kontzertua eta erhi jokoen inguruko ikusgarria.

 

Jendarte erronka

Azken inkesta soziolinguistikoek erakutsi duten bezala, belaunaldi berrietan euskara berreskuratzen ari bada ere, euskararen egoerak kezkagarria izaten segitzen du Ipar Euskal Herrian. Datozen urteetako erronka estrategiko nagusiak helduen euskalduntzea eta euskarazko irakaskuntza orokortzea izanen dira.

EEPk eta guraso elkarteek eraman lanari esker, azken 20 urteetan euskaraz ikasten duten haurren kopurua emendatu da. Gaur egun, sail guziak kontuan harturik, lehen mailako ikastetxeen % 66-k proposatzen du euskarazko irakaskuntza eta ama-eskolako haurren erdiak baino gehiagok ditu euskarazko kurtsoak. Jendarteak hizkuntza berreskuratzeko duen borondate azkar eta iraunkorraren erakusle da.

Badira 7 hamarkada jendarte zibila eta elkarte mundua lanean ari direla euskarari etorkizun bat emateko. Duela hogei bat urte, tokiko kolektibitateak ere sartu dira mugimendu horretan, hamabostaldi hau antolatzen duten herriko etxeak, besteak beste, hizkuntza biziberritzeko politikak gauzatuz.

Denontzako hitzorduak

Proiektu honek ederki islatzen du Euskal Herrian dugun auzolanaren kultura: lau herriko etxe, terrenoko elkarte, Herri Elkargoa eta Plazara kolektiboa juntatu dira hamabostaldi hori elkarrekin antolatzeko.  Publiko zabala hunkitzea du xede: proiektatzen ari diren etorkizuneko gurasoak, aterabide konkretuak xerkatzen dituzten gurasoak, eskolan debekatzen zitzaien hizkuntza transmititzeari buruzko beldurrak dituzten aitatxi-amatxiak edota hizkuntza eta kultur aniztasuna biziarazi nahi duten eta jakintza teorikoak eguneratu nahi dituzten profesionalak.

Aktibitate guziak irekiak eta urririk dira. Bost mintzaldiak 18:00etan hasiko dira elkarteen herrixka batekin eta terrenoko eragile baten hitz hartze labur batekin. Ondotik, 18:30ean hasiko dira gomita nagusien hitzaldiak. Oroitarazten dugu gertakari hau Hendaiako herriko etxeak duela 16 urtetik antolatzen duen euskararen hilabetearen egitarauaren barne dela ere.  

Informazio guzia Ziburuko, Hendaiako, Donibane Lohizuneko eta Urruñako herriko etxeen webguneetan atzemanen duzue.

 
Egitaraua

Martxoaren 15a, larunbata, 10:00, Ziburuko Marinela eskolan:
Euskara deskubrimendua guraso erdaldunentzat. Plazara

Martxoaren 19a, asteazkena, 14:30, Donibane Lohizuneko mediatekan:
Seme-alabak euskaraz irakurtzen lagundu. Haria

Martxoaren 19a, asteazkena, 18:00, Donibane Lohizuneko Grillerie du Port:
Zertarako balio du euskaraz mintzatzeak? Michel Feltin-Palas

Martxoaren 20a, 18:00, Urruñako herriko etxean:
Gurasoak, haurren eredu eta euskararen sustatzaile. Kike Amonarriz

Martxoaren 23a, 11:00, Urruñako herriko etxean:
Kontzertua familian. Gurashow

Martxoaren 25a, 18:00 Ziburuko mediatekan:
Lagundu! Gure haurra nerabea da! (Eta ez da gehiago euskaraz ari) Xan Aire & Elorri Garat

Martxoaren 27a, 18:00, Ziburuko errekoletoetan:
Euskara: altxor ukiezina ezezaguna. Nicolas TOURNADRE

Martxoaren 28a, 18:00, Hendaiako Gaztelu aretoan:
Zuek duzue giltza. Haurren hizkuntza portaeretan eragiteko bideak. Paula KASARES. 

Martxoaren 29a, 11:00, Hendaiako mediateka:
XoOoo! Josteta kantu eta erhi jokoak. Matahami