Eskuin muturreko mehatxuaren aitzinean

Europako azken hauteskundeen emaitzak ikusirik eta Macron presidenteak legebiltzarreko hauteskundeak ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko iragarri dituenetik, eskuin-muturra ez da sekulan Frantziako Estatuan boterea hartzetik hain hurbil izan.

Guretzat, euskararen transmisioan, erabileran eta sustapenean lan egiten dugun Ipar Euskal Herriko erakundeontzat, perspektiba hori onartezina da. Balio demokratikoei, humanistei, solidarioei eta aurrerakoiei lotutako egitura gisa, elkarrekin berresten dugu:

  • Euskal Herrian eta mundu zabalean hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko dugun engaiamendua,
  • Gurea bezalako hizkuntza komunitate gutxituen hizkuntza eskubideen alde lan egiteko dugun konpromisoa,
  • Euskarari etorkizun duina eskaintzeko lanean jarraitzeko dugun asmoa.

IPAR EUSKAL HERRIKO HIZKUNTZA ERAGILEEN ADIERAZPENA

Gaur deialdi horren jatorrian den Euskal Konfederazioarekin juntatzen gira, jendartean hedatzen ari diren ideia xenofobo, baztertzaile eta zatitzaileek kezkatuak. Euskararen alde eramaten dugun lana, ez dugu iragan idealizatu baten izenean egiten, baizik eta guretzat eta biharko belaunaldientzat etorkizun hobea eraikitzeko, nun eta euskara inklusio, komunikazio eta kultura tresna izanen den biztanle guztientzat, edozein izanik ere beren jatorria.

Ez gaitezen nahastu: eskuin muturreko alderdiek defenditzen dituzten balioak eta proposamenak gure egituretan egiten dugun transmisio, inklusio eta bitartekotza lanaren antipodetan dira. Horregatik lehentasun absolututzat jotzen dugu ez daitezela sekulan boterera iritsi. Baina zorigaitzez, uniformizazio linguistikoaren dinamikatik ateratzeko oraindik bidea luzea dugu; alderdi handi gehienen logikan, hizkuntza hegemonikoek bakarrik dute espazio publikoan bizitzeko eskubidea. Horretarako, munduan biziberritzen ari diren hizkuntzen geroa lokalki eraginez eta gaia globalki kokatuz pasako da.

Testuinguru nahasi honetan, inoiz baino gehiago behar dugu:

  • Lurralde-hizkuntzen transmisioa, erabilera eta balorizazioa errextuko duen konstituzio aldaketa eta lege koadro berria,
  • Euskalgintzak bere lana duintasunez egin ahal izateko baliabideak,
  • Hizkuntza biziberritzearen erronka elkarrekin gainditzeko adostasun soziopolitiko sendoa.

Gure borroka, elkarbizitza hobetzen laguntzen duen jendarte erronka da. Arrazoi horiengatik guztiengatik, Euskal Konfederazioak bultzatutako adierazpen honen sinatzaile garenez, deitzen ditugu:

  1. Euskal Herriko herritarrak mobilizatzera eta eskuin muturreko alderdien aurka karrikan zein hautestontzietan mobilizatzera.
  2. Euskal herriko erakundeak jendarte inklusiboago, solidarioago eta euskaldunago baterako lanean segitzera.
Izenpetzaileak

AEK – Artetxea – Bai euskarari – Basaizea – Berria – Bertsularien lagunak – Biga Bai – Euskal Hedabideak – Euskal Irratiak – Euskal Moneta – Euskara Geroan – Gogaide – Ikusi & Ikasi – Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea – Jakinola – Konkolotx – Mintzaian – Mintzalasai – Ote Lore – Plazara – Uda Leku – Urzaiz – Seaska – Zabalik