Ezin pentsatua da zenbat gauza amankomunean ditugun Euskal Herriko euskaltzaleek Ekuador edo Bolibiako Kichwa batekin, Kolonbiako Nasa yuwe batekin, Yucataneko Maya Kaqchikel batekin, Txileko Maputxe batekin, Argentinako Guarani batekin, Marokoko Amazigh batekin, Haitiko Kreola batekin edota Ekuatore Gineako Bubi batekin!
Urtero bezala, Garabide elkarteari esker munduko 20 hizkuntza aktibistek 6 aste pasatzen dituzte Euskal Herrian hemen eramandako lanaz inspiratzeko eta eragile desberdinekin trukatzeko. ADITU deitzen den programa segitu ondoan, bakoitza bere herrira sartuko da, egonaldian zehar diseinatu duen proiektu bat obratzeko.
JOAN-JINAK
Bi egunez Lapurdin gaindi ibili ginen haiekin. Hendaiako ikastolaren bisita egin genuen eta bertan, murgiltze ereduaren indarguneak eta erronkak aipatu genituen. Mundu zabaletik jindako ordezkarien artean, hainbat hezkuntza arloko profesionalak ziren (irakasleak edo zuzendariak) eta Hendaiako hezitzaileekin haien esperientzia partekatu ahal izan zuten. Arratsean, Baionan, Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruz aritu ondotik, Runa Simi dokumentalaren proiekzioa antolatu genuen Atalante zineman: Lehoi Erregea filma ketxuerara bikoiztu nahi duten aita-seme batzuen istorio hunkigarria da. Filmaren ondotik, ketxua hizkuntzako bi ordezkarik hitza hartu zuten eta gure hizkuntzen alde lanean segitzeko indar handia helarazi ziguten publikoan ginen guzioi.
Bigarren eguna Saran pasatu genuen Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azoka zela baliatuz, eta Galtzagorri elkarteko lagunekin elkartu ginen haurrak euskarazko literaturara hurbiltzeko dituzten proiektuak ezagutzeko. Trukaketa interesgarriak izan ziren literaturak orohar gure hizkuntza komunitateetan betetzen duen rolaren inguruan, besteak beste. Bazkaldu ondotik, Eskutik kooperatibakoekin egoteko aukera ukan genuen eta haien lan egiteko moduak eta baloreak aurkeztu zizkiguten.
BATERIAK KARGATZEN
Ez da beti errex euskararen alde lan egitea biztanleriaren %80a erdalduna den eta baliabideak urriak diren lurralde batean. Hego Euskal Herrian zenbait aste pasatu eta gero, Hego Ameriketatik etorritako behatzaile fin horiek erranda, gurean euskararen egoera “biziki larria” da. Ta bakoitzari galdetu digute nondik ateratzen ginuen borrokan segitzeko indarra eta motibazioa.
Bakoitzak formulatu diegu erantzun pertsonal bat. Baina segur dena da gisa horretako topaketek indarraz betetzen dutela. Gure hizkuntzez mintzatu gira, baina baita kulturaz, nortasunaz, indigena izatearen harrotasunaz, feminismoaz, kapitalismoaz, turismoaz, kolonialismoaz eta baita demografiaz ere!
Mendeetan zehar gure hizkuntzek bizitasuna galdu badute, ez da ez kasualitatea, ez arrazoi naturelen ondorioa. Iturburua berdina partekatzen dugu eta zentzu horretan, biziberritzeko bide berdinak izango ditugu ere. Hau baita beharbada irakaspenik ederrena: gure hizkuntza, kultura eta nortasunen etorkizuna elkarren artean hertsiki lotuak diren heinean, elkarrekin proiektatu beharko ditugula etorkizunera Kichwa, Nasa, Mapuzunga, Guarania, Tarifita, euskara…
Perspektiba horrek pizten zaitu? Zatoz gurekin, hizkuntzetatik jalgitzen den mundu hobea eraikitzera.
















