2026-01-22

Ekintzen faktoria: inspiragarriak zizte !

ACME+ kontsortzioak bultzatutako Erasmus+ mugikortasun baten baitan, gure taldeak egun batzuk eman ditu Aiaraldeko Ekintzen Faktorian, Laudion.

Zenbat maite ditugun proiektu ero eta ausartak PLAZARAn! Urtarril huntan, Euskal herria zeharkatu dugu ekialdetik mendebaldera, Aiaraldeko ekintzen faktoriako lagunekin egun batzuk pasatzeko.

Helburuak?

  • Elkarren berri izan, elkarrengandik ikasteko.
  • Gure artean soziolinguistika landu, elkar formatzeko.
  • Momentu goxo bat pasa, ezinbestekoa delako.


“Whaouh!” efektua

750m²ko eraikinean sartzen denak, lehen segundoetatik Faktoriaren izaera bizia barnetik sentitzen du: edertasuna, energia, gogoeta, goxotasuna eta ausardia nabari dira metro karratu bakoitzean.

Iduri luke Faktoria ebidentzia bat dela Aiaraldean. Betidanik hor dela. Bere existentzia bera naturala dela. Baina ez! Ekintzaile eta aktibista askoren lanaren emaitza da. Zenbait urtez komunikabide erreferente bat biziarazten pasa ondoren, eskala handiko pario estrategikoa egin zuten.

Guk ere badugu Ipar EHan eragin handiko proiektu berritzaileen beharra. Guk ere badugu espazio bizi baten inguruan energiak biltzeko beharra. Guk ere badugu 10-20 urtera proiektatuko gaituen gogoeta estrategiko baten beharra.

Goresmenak!

Komunikazioa, kultura, hezkuntza, elikadura, feminismoa eta ekonomia soziala leku berean elkartzen dira, ekimenen arteko loturak eta trukeak ahalbidetuz. Kide eta langileekin izandako topaketei esker, proiektuaren funtzionamendua hobeki ulertu ahal izan dugu: gobernantza kolektiboa, tokiko sustraipen sendoa eta euskararen presentzia eguneroko bizitzan.

Trukeak aberatsak eta inspiratzaileak izan dira guretzat. Gure artean ere, gogoeta interesgarriak eraman ditugu zuen tailatu azpian. Milesker Izar, Gartzen, Ainhoa, Aritz… zuen lankideekin Baionan itxoiten zaituztegu, elkarrekin handitzen segitzeko eta gure amets eroak elikatzeko.

Lantaldea trinkotu

Mugikortasun hau, gainera, talde kohesiorako une garrantzitsua izan da. Ohiko esparrutik ateratzea, elkarrekin pentsatzea eta antzeko esperientzietatik inspiratzea: horiek guztiak loturak sendotzen eta ikuspegi berriak irekitzen laguntzen dute. Geografikoki hurbila den baina proiektu egituratu eta anbiziotsua daraman eragile baten ezagutza inspirazio iturri baliotsua izan da.

Nora goaz orain?

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak