Martxoaren 8tik 15era, Cosmophonies festibala berriak hizkuntzen eta ahotsen aniztasuna izango du ardatz. Hego Akitania Eszena Nazionalak antolatuta, egitarauak emanaldi artistikoak, topaketak eta tailerrak uztartuko ditu, munduko hizkuntzak, azentuak eta hizkerak entzuteko eta pentsatzeko beste modu bat proposatuz. Artearen bidez, jaialdiak hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzen du, eta hizkuntzen inguruko galdera politiko, kultural eta sozialak mahai gainean jartzen ditu.
Testuinguru horretan, Plazarak ere bere ekarpena eginen du tailer parte-hartzaile baten bidez. Topagune ireki bat izanen da, parte-hartzaileek hizkuntzekin esperimentatzeko, bizipenak partekatzeko eta hizkuntzek gure egunerokoan eta gure komunitateetan duten lekua kolektiboki hausnartzeko. Helburua argia da: hizkuntzak bizirik dauden praktika sozial eta kultural gisa ulertzea, eta haien inguruko gogoeta elikatzea.
Hizkuntzekiko jakin-mina duten guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera. Plazer handia da guretzat hizkuntzen gaia ikuspegi poetiko, politiko eta kulturaletik lantzen duen ekimen bat sortzen ikustea. Halako espazioek erakusten dute hizkuntza aniztasuna ez dela soilik ondare bat, baizik eta etorkizunerako indar kolektibo bat ere.