Urtea ongi hasteko, Familia egonaldiaren berritasunak aurkeztu ditugu, AEK, UDA LEKU, DINDAIA eta EBETE egituretako lagunekin. Proiektua babesten duten instituzioetako ordezkariak ere hor ziren.
Prentsaurrekoa ez da baitezpada ariketa errexa. Baina badira besteak baino goxoagoak direnak hala ere. Horietako bat bizi izan dugu urtarrilaren 9 huntan.
Testu horrekin, ez dizuegu familia egonaldia aurkeztu nahi izan, baina horren muntatzeak suposatzen duen sukalde lana. Interesgarria baita proiektu publikoen gibelean gordetzen dena ere ezagutzea.
Elkarrengandik ikasiz
Gisa horretako proiektu eroak sortzeko, hobe ongi inguratua izatea! Hala da Familia egonaldia antolatzeko. Lan dinamika serios batek ez du umorea eta giro ona kentzen. Eta plazer bat da Euskal Herriko txoko desberdinetatik etortzen den jendearekin lanean aritzea.
Bakoitzak badu bere berezitasuna: soziolinguistika, helduen euskalduntzea, aisialdiak, proiektu kudeaketa… Bakoitzak bere harritxoa ekarriz eta antolaketaren etapa bakoitza elkarrekin adostuz eraiki dugu Familia egonaldia.
Ezinbesteko babesa
Urtero 12-15 bilkura presentzial behar ditugu proiektu hau lurretik ateratzeko. Aldi guziz 10 lagun inguru biltzen gira, 3-4 orduko lan saioentzat: aterpeak atzeman, aktibitateak definitu, garraioa antolatu, testuak adostu, harremanak lotu… Duela 2 urte ez ginen ezagutzen eta orain egiazko konplizitate bat eraiki dugu. Horretarako ere maite dugu euskalgintzan aritzea: ze polita den mundu hobe baten aldeko ametsa partekatzen dugun jendearekin bide egitea!
Ameslari banda batekin gauza politak diseinatzea ez baita aski, xantza izan dugu proiektu horretan sinesten duten instituzioekin topo egitea. Haien babes ekonomiko eta morala ezinbestekoa izan da paperean idatzitako proiektuari bizi emateko. Milesker: Poctefa funts europarrak, Euroeskualdea, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Kultur Erakundea…
Kasu! Izen-emateak 2026ko urtarrilaren 30era arte zabalik daude.