2026-09-29

BIHAR: zertako balio du kongresu batek?

Lau egun, hiru hiri, 2 gaualdi, 40 bat hizkuntza komunitate eta egun oroz 200 lagun baino gehiago. Irailaren 23tik 26ra, BIHAR nazioarteko biltzarrak Bilbo, Irun eta Hendaia lotu ditu, biziberritzen ari diren hizkuntza gutxituen inguruan. Plazarak bi urtez parte hartu du antolaketan, Garabide, Soziolinguistika Klusterra eta Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin batera. Orai biltzarra bururatua dela, galdera xinple bat egiten dugu: zertako balio du holako kongresu batek?

Diapositibetatik urrun

“Kongresu” erratean, anitzek gela ilun bat irudikatzen dute, mikroaren aitzinean hizlari bat eta diapositiba luzeak. BIHAR Nazioarteko kongresuan ere mintzaldiak izan dira, egia da, eta lan serios batean oinarrituta gainera. Bainan ez da hortan gelditu.

Kongresua ez da bat-batean sortu. Xan Aire Plazakideak lehen egunean oroitarazi zuen bezala, hazia 2023ko udako ikastaro batean erein zen. 2025ean, Soziolinguistika Klusterrak nazioarteko diagnostiko bat egin zuen. Ez zen hizkuntzen bila joan, komunitateek beren hizkuntza biziberritzeko dituzten arrazoien bila baizik. Belen Urangak aurkeztu emaitzek hiru multzotan sailkatzen dituzte arrazoi horiek: sinboliko-identitarioak, politiko-eraldatzaileak eta pragmatikoak. Gero, 2026ko apiriletik ekainera, Taupak diagnostiko hori Euskal Herrian barna partekatu du. Hamar herritan hogei saio egin dira, eta 150 lagun baino gehiago bildu dira, tartean euskalgintzatik kanpoko herri mugimenduetako kideak eta euskaraz ez dakitenak. Kongresua bide luze baten azken urratsa izan da, eta ez ikertzaileentzat bakarrik antolatu ekitaldi bat.

Bestek bizi dutena entzun, gurea hobeki ulertzeko

Biltzar baten lehen balioa hori da: urrundik datozen esperientziak entzun, eta horietan gure egoeraren isla atzeman. Eta hitzak zehatzak izan dira.

Nepaletik, Nabraj Lamak kondatu du aurtengo uholdeetan hil direnetarik anitz tamang hiztunak baizik ez zirela, eta gobernuak abisuak nepaleraz bakarrik zabaldu zituela. Hizkuntza ez da luxu bat: batzuetan bizi ala hil kontua da. Ekuadorretik, Paolina Vercoutere Quinchek, Imbaburako gobernadore ohiak, emazteen kontrako indarkeriari buruzko inkesta bat bi hizkuntzatan zabaldu zuen lehen aldikotz. 2.500 erantzunetarik erdiak kichwaz heldu ziren. Varsoviako Unibertsitatetik, Justina Olko ikertzaileak erakutsi du beren hizkuntzan gehiago mintzo direnek trauma sintoma gutiago dituztela eta ongizate handiagoa sentitzen dutela. Hizkuntza osasuna ere bada.

Beste datu batzuk ere entzun dira. Aotearoan, maori hiztunen erdiek 30 urte baino gutiago dituzte, eta gobernuak milioi bat hiztun nahi ditu 2040rako. Indian, 1961eko erroldak 1.652 ama-hizkuntza bildu zituen, eta gaurko erregistro ofizialak 109 baizik ez. Australian, oraino ez da hizkuntza aborigenei buruzko lege federalik.

Kurdistan, Kanada, Haiti, Rif, Hegoafrika… Egoerak arras desberdinak dira, baina galderak berdinak: nola transmititu hizkuntza haurrei, nola erakarri hiztun berriak, nola lortu erakundeen babesa. Solasaldietan agertu denez, bi gauzek lotzen dituzte komunitate horiek guziak: giza eskubideen aldeko borrokak eta errespetatuak izateko nahiak.

Hutsik gelditu diren aulkiek ere zerbait erran dute. Elias Caurey guaraniarra eta Zubair Torwali ezin izan dira etorri, bisa ukatu zaielako. Elkarretaratzea bera ere ez da denentzat erraza eta Ipar-Hego hemisferioen arteko distantzia ez da berdina denentzat.

Kultura, programaren bihotzean

BIHARren, mintzaldien artean kantua eta bertsoa ibili dira. Bilbon, lehen egunean, Delfina Libia Reyes Chávezek ayook komunitateko kantu bat eskaini zuen, eta Maialen Lujanbio bertsulariak bururatu zuen eguna. Irunen, Mixel Etxekopar eta Ihitz Iriart kantariek Zuberoako piezak ekarri zituzten, eta Miguel Ángel Verón Gómezek Paraguaiko guarani kantu bat. Hego Globaleko eta Euskal Herriko artisten emanaldiek eta Hendaiako kultur egitarauak osatu dute programa.

Kultura ez da apaingarri bat. Hizkuntza bat kantu batean, bertso batean edo dantza batean entzuteak, itzulpenik gabe ere, erakusten du hizkuntza hori bizi dela, eta ez dela museoko pieza bat.

Programan agertzen ez dena

Biltzar baten parte handi bat ez da oholtzan gertatzen. Kafe-tarteetan, bazkarietan, korridoreetan eta arratsetan ezagutzen dira jendeak. Han trukatzen dira helbideak, esperientziak eta ideiak, eta han sortzen dira gero urteetan iraunen duten loturak. Aotearoatik, Kurdistanetik edo Andeetatik etorritakoak eta Euskal Herriko eragileak mahai berean jartzeko ere balio du kongresu batek.

Truke horietatik proiektu zehatz bat atera da. Garabidek Biziberritzen ari diren Hizkuntzen Munduko Federazio bat sortzeko proposamena aurkeztu du Irunen. Helburua ez da komunitateak ordezkatzea edo berdintzea, elgar ezagutzea, elgarri laguntzea eta elkarrekin aritzea baizik. Garabideko Urtzi Urrutikoetxeak eta Jon Sarasuak laburbildu dutenez, orain arte komunitateek beren hizkuntzak bizirik atxikitzen ikasi dute, eta orain, elgarrekin, baldintza berriak sortzeko garaia da. Lan batzorde bat abian da jadanik.

Larunbata: karrikara, Hizkuntzen Europako Egunean

Azken eguna ez da gela batean iragan, karrikan baizik. Eta ez edozein egunetan: irailaren 26a Hizkuntzen Europako Eguna da, Europako Kontseiluak 2001etik hizkuntza aniztasuna aldarrikatzeko ospatzen duena. BIHARrek egun hori hautatu du bere mezua karrikara eramateko.

Goizean, Irungo FICOBAn, Joan Petit okzitaniar militantearen etxeari harrera egin zaio, hizkuntzen aterpe komun gisa. Ondotik, musikaz lagundutako desfile batean, parte-hartzaileek zurezko etxe hori denen artean eraman dute, karrikaz karrika, Zubi Txikiraino. Zubi horrek Irun eta Hendaia lotzen ditu, Bidasoaren gainean. Muga baten gainean, bi estaturen artean, Euskal Herriaren erdian: ez zen leku hoberik hizkuntzek mugarik ez dutela erakusteko.

Han, manifestua irakurri da bost hizkuntzatan, txalaparta eta dantzarekin. “Gure ahotsa, gure garaia, gure etorkizuna” izenburupean, testuak erraten du hizkuntza anitz ez direla isiltzen naturaren legeagatik, desorekengatik, bazterketagatik eta homogeneizazioagatik baizik. Hiru eskaera zehatz egiten ditu. Erakunde publikoei galdegiten die hitzetatik egintzetara iragaitea eta baliabide iraunkorrak bermatzea. Akademiari, komunitateekin batera pentsatzea eta lan egitea. Nazioarteko erakundeei, hizkuntza aniztasuna gizateriaren ondare bizi gisa ezagutzea eta babestea. Bainan bereziki komunitateei berei egiten die dei: ez itxaroteko, ez amore emateko, ez isiltzeko. Eta mezu labur batekin bururatzen da: “Ez gara itzulpenak.”

Eguna Hendaiako Borderline fabrikan bukatu da, eguerdian, zintzurra alegera bustiz.

Eta orai?

Zertako balio du, beraz, biltzar batek? Jakintza biltzeko, bai. Bainan batez ere jendeak biltzeko, gure hizkuntzak bakarrik ez daudela sentitzeko, besteengandik ikasteko eta elgarrekin aitzina egiteko. Plazaratik, gure lanerako tresna berriak, galdera berriak eta lagun berriak ekarri ditugu. Horien hedatzeko garaia iritsi(ko) da!

BIHAR bururatu da. Biharamuna orai hasten da.

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak