Martxo erditsutan, Aiaraldeko ekintzen faktoriako lagunak bisitan etorri zaizkigu. Konplizitateak indartzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera polita.
Baiona, Hazparne, Lartzabale, Atharratze, Mehaine… 2 egunez ez gira geldirik egon! Korrikaren abiatze bezperan egin diegu harrera, Baionan. Goizean, Eraiki funtsakoekin egon ondoren, eguerditan elkartu gira. Beste 8 eragileekin parekatzen dugun egoitzaren bisita, bazkaria Kalostrapen, kafe bat eguzkitan elkarren berri hartzeko, lan saioa erdaldunak sentsibilizatzeko eta euskaldunak aktibatzeko tailerrei buruz…
Euskara gara
Ondotik, dinamika kolektibo eta zoragarria abiatu duen Xuriatea ostatura joan gira, Hazparnera. Eta Lartzabaleko Espelletenian aterpe hartu dugu, bi lan saioren inguruan: familia harreraren inguruko proiektu bat lantzeko eta kooperatiba ereduei buruz hausnartzeko.
Ostegunean, Atharratzen elkartu gira 24. Korrikaren abiatzearentzat. Plazarakoek lan txanda ginuen bertan eta hurbiletik bizi izan ginuen abiatze ekitaldia. Gauean, Aiaraldeko ekintzen faktoriak eta Plazarak 54. kilometroa partekatu dugu Mehainen, gure artean mugarik ez dela adieraziz.
Iparra hegoari
Ez da lehen aldia Hego Euskal Herriko lagunak bisitan heldu zaizkigula. Bilboko Gabriel Aresti euskaltegikoak etorri ziren lehenik. Eta ondotik beste hainbat egituretako ordezkariak: Elhuyar, Emun, Durangoko institutua, Irale programako ikasleak…
Gure rola ere bada eguneroko erritmotik askatzea eta momentu bat hartzea pausatzeko, trukatzeko, amesteko, elkar ezagutzeko, irri egiteko… eta mugak hausteko!
Informazio eta komunikazio teknologiak inoiz baino garatuagoak diren garaiotan, badirudi geroz eta guttiago elkar ezagutzen dutela Araba zolako eta Xiberoko gazte batek, Bilboko euskalgintzako militante batek eta Lapurdiko euskara teknikari batek edo Baxe Nafarroako kultur sortzaile batek eta Gipuzkoako antolatzaile batek.
Horretan ere arizan nahi dugu.