2025eko urrian, Plazara proiektuak 3 urte ospatu ditu. Aitzakiaz baliatzen gira, zuekin partekatzeko gure egoeraren berri.
Duela 3 urte, sobera pentsatu gabe eta arriskuak neurtu gabe, abentura ero batean abiatu ginen: euskararen biziberritzean ekarpen osagarri bat egingo duen egitura bat sortzea. Testuingurua ez ginuen baitezpada alde, baina gogoko aldapan nekerik ez.
Lehen urtean, zerbitzuen adarra garatzen hasi ginen. Bigarrenean aldiz, buruan genituen proiektuak gauzatzen hasi gira. Hirugarrenean azkenik, Plazara hasi da ttuku-ttuku bere bi zangoen gainean ibiltzen: eragileen laguntzeko zerbitzuak alde batetik eta obratu nahi ditugun proiektua berritzaileak bestetik.
Garatzeko beharra
Paralisia egoera batetik ere pasa gira: 2 urte sortu ondoren, 4 kideen artean ez ginuen lortzen esku artean ginuen lan guziari erantzuten. Gure epeak luzatu dira, eskaera batzueri ezezkoa ematea behartuak izan gira eta beti lanpetuak izatearen presioa jasan dugu. Funtsean, Plazara egitura erreaktibo eta operazionala izateko sortu ginuen eta 24 hilabete berantago, garapen krisian ginen.
Estutasun horretan luzatzeko ordez, ‘berri on’ bat bezala hartzea erabaki dugu eta egokitzeko soluzioak atzematen saiatu gira. Horietako bat lan poltsa baten abiatzea izan da. Itsuan aitzinatzen ginen, ez baiginuen lanpostu berririk sortzeko ahalik eta ez genekielako nork aurkeztuko zuen bere burua Plazara bezalako egitura gazte eta huskorrean aritzeko.
Lantaldearen indartzea
Baina zer sorpresa! 23 hautagaitza eder errezibitu ditugu eta gure buruak amestera berriz baimendu ditugu. Deialdi horren ondorioz, 3 kide berri sartu dira Plazara kolektiboan: Mirentxu formakuntza atala kudeatzeko, Kimetz ikerketan aritzeko eta Oihan alternantzia baten baitan proiektuak kudeatzeko. Ongi etorria segurtatzeko lanetan ibili gira ikasturte hasiera huntan.
Hurbil ditugu beti abentura hasieratik laguntzen gaituzten lagunak: Hélène, Viviane… Eta kide sortzaile batzuek lanaldi murriztua hartu dute aurten, beste proiektuetan inplikatzeko (ON!) eta amatasun oporraldiak izan dira tarteko. Berri onak guziak! Batzuetan ematen du taldea bikoiztu dela, baina dedikazio aldetik 1,5 lanpostu gehiago da. Helburu handiak dituen talde txikia funtsean.
Egindakoaz harro
Aitzinera begiratzen duen kolektiboa gira, gibelera so egoteaz baino. Aitortu behar dugu hala ere 3 urtez kurritutako bideak aldi berean harritzen eta pozten gaituela. Xantier ederrak abiatu ditugu, asko ikasi dugu eta pentsatzen ez ginuen zereginetan ibili gira.
Euskara plaza desberdinetara ekarri dugu: Iruñeko Astindu topaketetatik Aditu ikastaldira, Qualiopi zertifikazioaren lorpenetik sentsibilizazio hamabostaldia, Familion egonalditik Sarako merkatariekin egindako lanera, ON! sentsibilizazio dispositibo partekatutik instituzioetako formakuntza zikloetara, Baionako presondegitik eskoletako ikasgeletara…
Dena ez zaigu nahi bezala atera eta badugu zer hobetu. Gure eredu ekonomikotik hasiz, diru laguntza publikoen heina %8koa izanki zaila zaigu zerbitzu publikotzat hartzen dugun lana egitea.
Horretan ari gira talde berritu, gaztetu eta motibatu batekin. Datozen hilabeteetan ere izanen duzue gure berri. Bitartean, gora bihotzak!