Plazara eta Euskal Haziak elkarteok elkarrekin eraman lanetik, elebidunean eskolatu 60 bat guraso baino gehiago ikusi ahal izan ditugu Urruña, Baiona, Donibane Garazi eta Hazparneko eskualdeetan.
Gure tailer berriak, “Etxean euskaraz bizi – Les premiers gestes de l’euskara” izenekoak, lehenetsi du euskarri praktiko eta ludikoak zuzenean lantzea talde ttipietan: joko-jolasak, kantuak, podkastak, irakurketa, eguneroko hitz eta esaldiak, asteburuetako planak… Hainbat tresna eta ekintza partekatu ahal izan dugu gurasoen artean.
Eguneroko erantzunak
Erdaldunak izan, euskara ikasten ibili, euskaldunak izan: errealitate anitzak gurutzatu ditugu, kezka eta galdera ezberdinekin. Tresnak tailerrean baliatuz bezala, haien egunerokoan nola erabili eta txertatzeko kezka atera da, eta erantzunak eskertu dituzte: haurrei ingurune motibagarria nola segurtatu, erritualak noiz eta zein espaziotan finkatu, hizkuntzak nola kudeatu familian… Tailerrak gune segurua eskaini die, trukaketa aberasgarrien inguruan.
Bide batez, tailerra segitu duten irakasleek ere haien sentsibilizazio diskurtso eta moduak aztertu dituzte, eskolan eraman lanak sustengua ukan dezan etxean. Euskara eskolatik etxearekin lotzeko, eta etxetik plazara jalgitzeko!