Hurbiltzen ari dira herriko hauteskundeak, eta galdera nagusi bat mahai gainean da: zer leku eman nahi diote hautagaiek euskarari gure herrietan?
Galdera horri erantzuteko, Euskal Konfederazioak tresna argi eta zehatza plazaratu du: Euskararen aldeko engaiamenduen barometroa.
Barometro hau hauteskundeetan aurkezten diren hautagaiei zuzendutako galdetegi baten bidez gauzatzen da. 20 neurri zehatz, bost ardatz nagusitan banatuak, proposatzen zaizkie, euskararekiko duten konpromisoa agerian uzteko.
Udalerriak, euskararentzat giltzarri
Oraindik ere zaila da eguneroko bizitza osoa euskaraz egitea, bereziki tokiko mailan. Hala ere, udalerriek funtsezko eginkizuna dute: zerbitzuak, eskola, komunikazioa, elkartegintza, seinaletika, herritar berrien harrera… Maila horretan erabaki asko har daitezke, eta eragin handia izan dezakete.
Hortik abiatuta, Ipar Euskal Herriko euskararen sustapenean eta transmisioan ari diren eragile ugari biltzen dituen Euskal Konfederazioak, etorkizuneko hautetsiak zuzenean interpelatzea erabaki du:
– Zein hizkuntza politika defendatzen duzue?
– Zein baliabide emateko prest zaudete?
Engaiamendu zehatzak, hitz hutsen ordez
Euskararen transmisioa, eguneroko erabilera, ikusgarritasuna espazio publikoan, hizkuntzaren prestigioa, baliabide humano eta ekonomikoak…
Proposatutako 20 neurriek aukera ematen diete hautagai-zerrendei argi eta garbi kokatzeko.
Besteak beste, honako ideiak ageri dira:
- agintaldirako euskararen aldeko plan bat eraikitzea,
- hizkuntza politikaz arduratuko den delegazio bat sortzea,
- engaiamendu lehen urtetik bertatik martxan ematea.
Hautagaientzat… eta herritarrentzat
Euskararen aldeko engaiamenduen barometroak bi helburu nagusi ditu:
- herritarrei tresnak eskaintzea, hautagai-zerrenden jarrera eta konpromiso maila neurtzeko,
- etorkizuneko hautetsiei laguntzea, tokiko hizkuntza politika sendo bat pentsatu eta eraikitzeko.
Euskararen etorkizunean eragin zuzena izango duten hautuak egin behar diren une honetan, tresna honek bakoitza bere erantzukizunaren aurrean jartzen du.
Hautagaiek martxoaren 1a arte dute galdetegia betetzeko.
Eta zure herrian, zer konpromiso espero duzu euskararen alde?