2025-11-17

Plazatik bultza dezagun PLAZARA!

3 urteko ibilbidea eginik, Plazara kolektiboak diru bilketa kanpaina bat abiatzen du bere garapena laguntzeko. Proiektuarekin bat egiten dutenek aukera ugari dituzte beren ekarpena egiteko.

Udazken horretan, Plazarak 3 urte ospatu ditu. Iazko paralisia gainditu dugu, lantaldea indartuz eta gaztetuz. 4 ginen hasieran eta 7 gira orain. Etorri berri direnei esker, kolektibo sortzaileago, inspiragarriago, dinamikoago eta operazionalagoa gira. Buruan eta kartoietan ditugun proiektu ederrak obratzeko prest!

Euskara presenteago, erabiliago eta ikusgarriago bilakatzeko, zuen laguntza galdetzera gatoz. Partikular, elkarte, enpresa, norbanako: zuen laguntza behar dugu gure helburu handiak lortzeko.

Nola laguntzen ahal gaituzue?

Materiala erosiz

Diru emaitza puntuala eginez

Bazkide bilakatuz

Taldea integratuz

Baduzue hautua, beraz ez duda! Eusko, euro, Helloasso…
Eta zergak apaltzeko CERFA formularioak ere helarazten ahal dizkizuegu.

Garapen fasean

Proiektu konkretu eta ero asko gauzatu ditugu denbora laburrean: Familion egonaldia, Baionako egoitza partekatua, Amazigh gazteekin lankidetza, Xare teknologia berriak eta gazteak uztartzen dituen ekimena…

Zerbitzuen alorrean, 150 eragile lagundu ditugu euskara beren funtzionamenduan txertatzen (%60 elkarteak), existitzen ez den formakuntza eskaintza sortu dugu, euskara presente ez zen eremuetara ekarri dugu, lankidetza berriak asmatu ditugu… Gurekin lan eginez, jendeak toki bat / rol bat atzeman du euskararen biziberritzean eta batzuetan euskararekin berradiskidetu da.

Eta orain, zer?!… Badakigu hats luze bateko bidea dela, baina gure solaskideentzat presenteago eta erreaktiboago izan nahi dugu. Paraleloki, aitzina segitu nahi dugu urrats berriak emanez:

  • barnealdeko eragileak gehiago lagundu,
  • sektore sozioekonomikoaren euskalduntzean gehiago eragin,
  • tresna pedagogikoak sortu (tutorialak, ihes-jokoa),
  • hizkuntza aktibistak bilduko dituen nazioarteko kongresua…

 

Anomalia bat eredu ekonomikoan

“Baina nola egiten duzue hain epe laburrean horrela garatzeko?” galdetzen digute askotan. “Diru laguntza asko eskuratzen duzue zuen lana egiteko, ez?!” gehitzen dute gehienek.

Ba ez! Plazara %92an autofinantzatua den egitura da. Horrek erran nahi du gure irabazien gehiengoa gure lana fakturatzetik datorrela. Horrek, kontradikzio bat sortzen digu, gure lana zerbitzu publikoko aktibitate bezala ulertzen baitugu. Baina aldi berean instituzio publikoekiko autonomia bat ere ematen digu.

 

Horiek hola, aitzina egin ahal izateko, zuen laguntza behar dugu. Aldaketa garrantzitsu batzuen atarian gira: kooperatiba bilakatu, lantaldea egonkortu, gure ahuleziak zuzendu… Desafio erraldoiak ditugu parean; zuen oldar moral eta ekonomikoekin, gaindituko ditugu.

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak