2025-09-16

Tarifit hizkuntza zaintzeko bidea(k)

2023an, Amazigh gazte batzuk Ipar Euskal Herrira etorri ziren, gurekin batera hizkuntza biziberritzearen inguruan hausnartzeko. Oraingoan, gu gira haiengana joan, haien borroken berri hartzera. Lan bidai inspiratzaile horren kronika bat partekatzen dugu zuekin hemen.

Badira berbere gisa ezagutu izan ditugun hainbat herri Ipar Afrikako Magreb eskualdean. Baina haiek ongi azaltzen dute ez direla berbereak, kolonoek emandako izendapen hori barbaro hitzetik heldu dela. Amazigak dira, eta hitz horrek “jende librea”, “nomada” erran nahi du. Hizkuntzak ere hala deitzen dira, amazig hizkuntzak, eta badira andana bat: kabiliera (taqbaylit), Kanarietako guantxea edota Rifeko tarifita, adibidez.

Rifera bidaia

Sartze honetan Plazarakoek herri eta hizkuntza gutxitu horren hobeki ezagutzeko parada ukan dugu, Marokoko erresumapean den Rif aldera egindako bidaia baten bidez. Amsagar jer dyaspura d Arif: X wbrid n tgumi n tutlayt tarifit (Diasporaren eta Rifen arteko topaketa: tarifit hizkuntza zaintzeko bidea) ekimenaren antolaketan parte hartu dugu tokiko hainbat elkarte eta Garabiderekin.

Topaketaren helburua argia zen:

  • Europan bizi diren diasporako gazteak eta Rifeko gazte ekintzaileak biltzea.
  • Kultura eta historia hobeto ezagutzea.
  • Sare berriak sortzea.
  • Eta, batez ere, hizkuntzaren alde zer egin daitekeen elkarrekin hausnartzea.

Zailtasunak eta aukerak

Bisiten, tailerren eta hitzaldien artean, hizkuntzaren biziberritzeak dituen erronkak eta aukerak izan ziren mintzagai nagusiak. Euskal Herriko egoerarekin ere konparaketak egin genituen.

Agertu ziren arazo nagusiak:

  • Baliabide falta.
  • Gobernuaren errepresioa.

    Hala ere, bai haiek eta bai guk badakigu baliabide urriekin ere gauza handiak egin daitezkeela.

Beste gai garrantzitsu bat izan zen diasporaren rola. Emigrazio handia bizi dute Europara, eta horrek hizkuntzaren biziberritzean eragin zuzena du. Galdera nagusia etengabe bueltatzen zen:
“Zein izan daiteke diasporaren rola hizkuntzaren biziberritzean?”

Kulturaren berpiztea

Rifen bertan ere mugimendu bizia dago.

  • Musikan, garaikidearen bidez biziberritze azkarra ari dira bizitzen.
  • Zineman, film eta dokumental berriak sortzen ari dira, beren historia eta errealitatea kontatzeko.
  • Tradizioetan, sinbologia eta ohiturak berreskuratzen dituzte, folklorizazio hutsetik ateraz eta berriz zentzua emanez (adibidez, emakumeen tatuaje eta sinbolo tradizionalak).

Diasporatik ere bada mugimendu bizia: gazte ekintzaile ugari aktiboak dira sare sozialetan, eta pedagogia eta sozializazio lan handia egiten dute amazig kultura eta hizkuntzaren alde.

Horrelako trukaketa espazioek gure praktikak partekatzea ahalbidetzen dute, ondotik bakoitzak bere lurraldean hizkuntzaren biziberritzearen arloan eramaten dituen borrokak elikatzeko.

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak