2025-11-12

Familion egonaldia : ohiko galderak

Familion egonaldian parte hartu nahi duzu, baina oraindik zalantzak dituzu? Usaian pausatzen dizkiguten galderak bildu ditugu hemen zuretzat. Ez duda abentura kolektibo eder huntan parte hartzea familian… eta lagunekin!

Nire haurrek ez dute etorri nahi, ez baitute nehor ezagutzen. Zer erran, lasaitzeko?

Lehen edizioan ere hau izan zen haur askoren beldurra. Lasai: gure animatzaileek horrelako egoerak kudeatzeko ohitura dute bilgune, udaleku eta egonaldietan.
Lehen egunetik elkar ezagutzeko jokoak egingo ditugu eta biziki fite egingo dituzte lagun berriak. Nehor ez da sekulan bakarrik izango.
Bestalde, aurten familia bakoitzari galdetuko diogu bere aurkezpena egitea bideo edo audio bidez. Gisa horretan, errexago izango zaie haiei (eta zuei ere, heldu bezala), egonaldi eder horietan proiektatzea.


Bigarren gurasoa euskalduna da; egonaldian parte har dezake hala ere?

Bai, noski! Gehitu genezake gainera bere presentzia biziki inportantea dela familia baitako hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko.
Goizetan beste helduak euskara klaseetan izango diren bitartean, denbora librea izango du. Baina eguerditik gauera aktiboki parte hartu beharko du aktibitateetan.
Benetan aspertzen baldin bada, antolatzaileak laguntzen ahalko ditu ere baxerak egiten adibidez. 


Aitatxi edo amatxiek ere parte hartzen ahal dute?

Bai! Lehen edizioan amatxi bat bere biloba gaztearekin etorri zen eta bikain pasatu zuen. Horrek eman zigun 2026an publikoa zabaltzeko ideia. Beraz ongi etorri aitatxi eta amatxiak!


Nola pasatzen dira euskara klaseak? Zer ikasiko dugu?

Astean zehar 20 ordu klase izango dituzu. Egonaldia aitzin, heldu guziak mailakatuak izanen dira, maila berdina duten helduekin taldeak osatzeko.
Klasean, 6 eta 14 pertsona artean izango zirezte. Formatzaile profesional batek segituko zaituzte aste osoan zehar.


Zenbat kostatzen du aste beteko egonaldiak?

Oraindik ez dakigu xuxen, diru laguntza batzuen erantzunak itxoiten baitugu oraindik. Erraten ahal dizueguna da:

  • prezioak gastu guziak barnebiltzen dituela: garraioa, aterpea, janaria, aktibitateak, klaseak…
  • familiako kide kopuruaren arabera prezioa degresiboa dela.
  • izen emate gastuak estaltzeko diru laguntzak lortzen lagunduko zaitugula (CPF, Beka…).


Nola antolatuak dira logelak?

3-4 oheko logelak proposatzen entseatzen gira, familien intimitatea errespetatzeko. Egonaldi bukaeran, denek ongi elkar ezagutzen dugularik, posible da logela kolektiboetan aterpetuak izatea.
2026 hasieran informazio zehatza emango dizuegu ekarri beharreko materialari buruz eta aterpeari buruz.  


Nola pasatzen da janari alergiak edo intolerantziak baldin baditugu?

Egonaldia hasi aitzin galdetegi zehatz bat helaraziko dizuegu. Zuen alergia eta elikadura ohiturak agerrarazten ahalko dituzue eta kontutan hartuko ditugu.
Ordutegi aldetik, bazkari eta afarien tenorea aldatuko da Ipar eta Hego Euskal Herrian baldin bagira. Baina beti izango da gose ttiki bat lasaitzeko janaria hurbil.


Beldur naiz aste oso batez kolektiboan bizitzea lortuko ote dudan…

Egia da ez dugula baitezpada ohiturarik ezagutzen ez dugun jendearekin aste oso bat pasatzeko. Hor ere: lasai! Dena egingo dugu giro ona segurtatzeko, haur eta helduen erritmoa errespetatzeko eta sortzen ahal diren akidurak kudeatzeko.

Asko ikasi dugu lehen ediziotik. Egunero familian egoteko edo bakarrik isolatzeko momentuak izanen dituzue. Eta antolatzaile taldea egunero hor izanen duzue entzuteko eta artatzeko prest.


Ez dut argi zer den udako egonaldiaren berezitasuna. Esplikatzen ahal didazue?

2026an, euskara dakiten familientzat udako egonaldi ibiltari bat proposatu nahi izan dugu EHko eremu desberdinak ezagutzeko.
Goizetan, euskara ikasteko ordez, euskalkiak, tokiko ohiturak eta herri kultura ezagutzeko parada eskaini nahi dugu. Momentuz egonaldi esperimental horren antolatzeko lanetan gira (eta egia errateko, espero dugu lortuko dugula 2026rako antolatzen!). Datak, tokiak eta formatuari buruz laster komunikatuko dugu. 

Info +

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak