Joan den irailean Biarritzeko Skateparkean 16 pertsonako talde batekin bildu ginen gogoeta ziklo baten baitan. Mahaiaren inguruan parte hartzaile desberdinak: euskara teknikarietatik, irakaskuntza sailean ari direnetara, enpresa mundutik, kirol eta aisialdietako mundura. Denak bilduak galdera baten inguruan; nola ongi etorria egin jendeari euskarara.
Euskarak ongi etorria nori?
“Ongi etorri”: eguneroko bi hitz denek ulertzen ahal ditugunak. Zubi baikorra ekartzen dute euskarara, dinamikoa eta inklusiboa da. Hau baita euskaldun izatearen indarra “euskara duena”, euskara mintzatzen eta erabiltzen duena. Ez da odolari, lurralde edo mugei lotua, hizkuntzaren erabilpenari baizik. “Baizik”, ausarta izan behar baitugu, euskara ikasteko eta erabiltzeko ardura hartu behar baitugu ere.
Publiko desberdinak identifikatu ditugu gogoeta zikloaren baitan: herrira arribatu berriak, Euskal Herrian instalatu berriak, bakantzetan heldu direnak, guraso erdaldunak (haurrentzat euskararen hautua egin dutenak edo egin ez dutenak), euskaldun zahar konplexatuak, komertsanteak, arlo sozio-ekonomikoko eragileak, nerabeak eta ikasleak (ikasketa ibilbidean euskara utzi dutenak) …
Nola eraman jendea euskararen munduetara?
Publiko desberdinek dituzten beharrak eta beharrei erantzuteko eskasiak agertu dira fite alor anitzetan. Helburua izanen baita, denen arteko gogoetei esker, epe biziki labur batean tresna, webgune edo kit konkretu eta praktikoak sortzea, elkarrekin hobetu eta diskurtsoak lantzeko.
Datozen saioetan, marka partekatuari buruz gogoetatuko dugu. Zer da? Zer ekartzen ahal digu? Zer ez du kendu behar? Nola kudeatzen da? Nola eraikitzen da? Zertan laguntzen ahal digu euskararen desafio orokorrak altxatzen eta gure erronkatxoak lortzen?
Ondoko hitz orduak (deneri idekiak):
- Urriaren 31a, astearte goizean (9:00-13:00) Urruñan (Errugbi Zelaia)
- Azaroaren 28a, astearte goizean (9:00>13:00) Senperen (Kinka)
Saioak idekiak eta parte hartzaileak dira. Etxeko lan txiki bat eginik etorri behar da aldiz.
Lehen gogoetaldiaren bilduma:
Izena emateko: euskara@plazara.eus.
Milesker deneri trukaketa aberasgarri eta aurrera pausu honentzat.