2026-03-02

Ikerketen buruhaustea

Kimetz

Orain arte ez dut aurkezteko aukerarik ukan. Ni Bokalekoa naiz eta Gizarte Antropologia ikasten dut Donostian. Kolegioan 3.ean nintzenetik banekien antropologia ikasi nahi nuela, eta nere interesekoa izango zen gaia lizeoan Lehenean nintzela atxeman nuen. Gehiago existitzen ez den (horrek ez nau gaztetzen…) Lan Praktiko Jarraitua (LPJ/ TPE frantsesez) frogan honakoa izan zen taldean hautatu ginuen problematika: Euskarak ote gaitu euskaldun egiten?

Gaur egun, Plazarara sartu naiz “ikertzaile” bezala, bi ikerketa eramango ditudalako. Horietan guztiz burua sartua dudala, partekatu nahi nizkizuen hausnarketa batzuk, ez dagokidalako niri buruhauste horietan bakarrik izatea, beraz burua hautsi dezagun elkarrekin.

Ez da ni “ikerlari” edo “aditu” (beurk) deitzen nautelako nik dudala arrazoia guztian. Gai hauek, guztiei dagozkigu eta denen ideiak kontsideratu beharrekoak dira… Parekoak dionarekin ez bagira ados, arrazoia nork duen eztabaidatu baino, pentsatu dezagun zergatik berak hori pentsatzen duen eta bereziki nik beste hori? Zein esperientzia edo bizipen ukan dut, berak ukan ez duena, pentsatzen dudana pentsatzeko? Ikusiko duzue, gure ideia guztien jatorriek badute azalpen bat eta bereziki ideologia zehatz bati lotura.

Burua hautsi dezagun elkarrekin eta ez elkarri.

Hala, zentzu bera ote dute “Euskal Herria” eta “Pays Basque”-ek edo “euskara” eta “basque”-ek? Zergatik? Errateko erabilia den hizkuntzagatik? Hizkuntza horiek erabiltzen dituzten hiztunengatik? Hiztun horiekiko ditugun aurreiritziengatik?

Hasieran bota dudan galderak zentzua egin ote dizue? Edo erantzuna zuentzat “BAI eta punttu” izan ote da? Egin dezagun ariketa, joan gaitezen urrunago. Nere zein lagunen gurasoek ez dakite euskara, baina neretzat betidanik euskaldunak izan dira? Eta alderantziz, nor ezagutzen dut badakiena euskara baina egiazki aski frantsesa dena?

Zentzua egin badizue galderak, suposatzen du “euskalduna” izendapenaren gibelean, hizkuntzaren jabetzaz haratago euskal nortasuna adierazteko erabiltzeko balio duela. Nortasun horrek ikuspuntu edo posizio jakin batetik mintzatzea erran nahi du, bizipen eta mundu ikuskera jakin batetik.

Ikerketan zehar anitzetan ateratzen den zerbait da hori guztia. Bi hizkuntzekin lan egitearekin, zaila da jakitea bakoitza zein posiziotik mintzatzen den. Eta gainera, posible ote da posizio “frantses” batetik “Pays Basque” erratean “euskal” posiziotik erraten den “Euskal Herria” erran nahi izatea? Eta alderantziz, “euskal” posiziotik “Euskal Herria” erratean, “frantses” posiziotik erraten den “Pays Basque” erran nahi izatea?

Hau da nolabait Antropologiak duen gaitasuna: edozein zientzia, edozein kontzeptu, edozein gauza zalantzan ezartzen ahal du, dena ikuspegi kontu bat delako.

Ta zuek, zer diozue horri buruz?

Plazara diziplinarteko kolektibo gazte, sortzaile eta inspiratzailea da. Euskara ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izatea bilatzen dugu, Euskal Herriko plazetan.

Kategoriak

Gure sareak

Azken berriak