Haurrak euskaraz loratzen laguntzen, Uda Lekun

Plazara eta Uda Leku elkarteok lankidetza bat abiatu berri dugu, zuzendari eta animatzaileekin, Bilguneetan euskararen erabilera lantzeko asmoz. Bi formakuntza saioekin hasi dugu lana, bat agorrila bukaeran, bestea iraila erdian (Mintzalasaien karietara), soziolinguistika oinarri zenbait barneratzeko, eta euskararen erabilera indartzeko giltzak ulertzeko.

Euskararen eskaintza eskoletan zabaltzen ari den garaiotan, aisialdiaren arloa sekula baino estrategikoago bilakatzen ari da, haurrak euskaraz loratzen laguntzeko. Halaber, Bilguneetan elkarrekin jostatu ohi dira euskara maila eta motibazio desberdinetako haurrak; adin, ingurune eta zaletasun desberdinetakoak ere badirenak: nola egin euskaraz plazer hartu eta gehiago hitz egin dezaten, bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, animazio antolatuetan, jolas libreetan, baita jantokian ere? Ez da erronka ttipia, baina gogo handiz lotu gira gaiari, eta lanari!

Behaketatik lan-koadrora

Bigarren formazio-saioan, behaketa-tresna bat eraikitzen hasi gira, azarotik goiti baliatuko eta hobetuko duguna, ikasturtean zehar. Behaketa horietatik baliagarri zaizkigun elementuak atxikiko ditugu, ondoko urtean Uda Lekuren lan-koadroan eta hezkuntza proiektuan sartzeko gisan. Behar desberdinak dituzten haurrak, euskaraz loratzeko bidean, kontuan hartu eta bakoitza bere heinean aitzinaraztea dugu lehen xedea. Aisialdian motibatzen den haurrak erraztasun gehiago ukanen baitu gero, heldua izanen delarik, euskara egunerokoan erabiltzen!

Uda Lekuren berri gehiago