ON! Euskaraz pizteko estrategia

Kolektiboki landutako estrategia

2024ko apiril honetan, zazpi hilabeteko gogoetaldi kolektibo batean parte-harturik, memento garrantzitsua bizi izan dugu: ON! izena eman diogu euskaraz pizteko sentsibilizazio-estrategiari.

2023ko irailean, Mintzalasai festibalaren karietara, gogoetaldi kolektibo eta parte-hartzailea abiatu genuen: hezkuntza munduko eragileak, helduen euskalduntzeko eragileak, baita arlo sozioekonomikoa eta instituzio zenbait ere bildu genituen, Plazarak animatu saioetan. Gure ametsa: sentsibilizazio-estrategia partekatu bat bidean ematea, publiko desberdinak hunkitzeko, euskararen biziberritzearen gaiarekin.

Hartzaile desberdinei egokitutako dispositibo erreferentea, gaurkotua, partekatua lantzen ari gira.

Miarritzen egin lehen saioan dugu baieztatu sentsibilizazio-estrategia baten beharra, diskurtsoak, tresnak eta egin-moldeak eguneratzeko, bereziki publiko desberdinak hunkitzeko: batzuek ikastetxetako guraso berriak gogoan, besteek Ipar Euskal Herrira urtero etortzen diren 3.000 biztanle berriak, euskararen munduetara hurbilarazteko. Baina euskaratik urruntzen ari diren euskaldunak ere aipuetan sartu ditugu fite. 

Urrian, Urruñan egin bigarren saioan, marka partekatuaren gaia izan dugu hizpide nagusia: marka partekatu batekin zer irabazten den (ikusgarritasuna, irisgarritasuna, nortasun komuna…), eta zer ez den galtzen (egitura bakoitzaren presentzia eta eragina, diskurtsoen inpaktua…). Hortik, beharra ikusi dugu, marka partekatu baten kudeaketan, eginkizun desberdinak elkarren artean adostea, eta idatziz pausatzea: adibidez, xarta baten inguruan. Marka partekatu batek zeren itxura lukeen ere irudikatu dugu, paperezko zein multimedia euskarri batzuk konkretuki landuz.

Azaroan, Senperen, Euskararen Urtaroaren karietara egin hirugarren saioan, 20 parte-hartzaileetara iritsi gira. Marka partekatuak dituen eginkizunak zehaztu ditugu: ekoizpen-lana, errotze-lana, eta kudeaketa orokorra. Helburutzat jarri ditugu bi euskarri konkretuen sortzea, baliabide guti izanik ere: alde batetik, hiztegi bat, oinarrizko 100 hitz eta editorial batekin; bestaldetik, webgune erreferentzial baten beta bertsioa.

2024ko martxoan, Hendaia Euskarazen karietara, marka eta estrategia partekatuaren nortasuna dugu landu, laugarren saioan: gure misioak, gure baloreak, gure publikoak, gure mezuak… eta gure izena. Buru-hauste ederra bilakatu zaigu izenarena, eta apirilean saio berezia antolatu behar izan dugu, izena bai ala bai trenkatzeko. Zerbait pizgarri nahi genuelako hastapenetik, proposamenen artean, ondoko izena eta leloak hautatu ditugu,  hamar lagunen artean: ON! Pizten gaituena. Se connecter à l’euskara.

Euskaraz pizteko sentsibilizazioan, nortasun bisuala dugu landuko orain grafista batekin, baita baliabide gehiago bilatuko, oihartzun zabaleko estrategia obratzeko. Ondoko hitzordu potoloa: 2024ko uztailean, UEU-rekin antolatuko dugun ON! jardunaldian.

Parte hartze idekia:

Datozen hitz orduak:

  • Ekainaren 4a, asteartea, 9:00-13:00.
  • Uztailaren 9a, asteartea, 9:00-16:00 (UEU).
    Txosten hemen eskuragarri.