2025eko azaro honetan, mintzaldi ziklo bat eramaten ari gira Elorri Garat psikologoarekin batera, Seaskak galdeginik, nerabeen euskalduntzea aipatzeko horien gurasoekin.
Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioa, Piarres Larzabal Kolegioa, Estitxu Robles Kolegioa: hiru ikastola baina hiru ingurune desberdin, bakoitzak bere hizkuntza erronka eta aukerekin, euskalduntzen ari diren nerabeen bizitokia eta garapen baratzea.
Gurasoak kezkatuak agertzen dira, horien nerabeak ez direla gehiago euskaraz ari, ez haur denboran bezainbat hasteko, eta ulertu nahi dute zer gertatzen ari den. Gure mintzaldiaren abiapuntua da baieztatzea, ikerketa interesgarrienen datu zenbaitetan oinarriturik, 14 urtetan euskara gutiago erabilia dela 10 urtetan baino. Hortik, saiatzen gira elgarrekin ulertzen euskaraz ez egiteko gure intuizioak (adin zaila, errebelde izateko beharra…) egiaztatzen direnez, eta helduok badugunez zinez eraginik nerabeei zerbait ekartzeko.
Psikologiaren ekarpena
Elorri Garat psikologoak, adibidez, esplikatzen digu gurasoen tokia, nerabezaroan, ez dela gehiago haur denborakoa, eta, ondorioz, euskara sustatzeko moldeak ere aldatzea komeni zaigula: nerabeen bizi-esparruak zabaltzen eta anizten direla, eta gurasoei, dena kontrolpean atxikitzea baino, seme-alabekin elkarrizketa sortzeko parada zabaltzen zaiela, euskararen gaia presenteago atxikitzeko familian eta jendartean.
Psikologiaren ekarpenetik, ikusten dugu zein estrategiak fruitu gehiago ekartzen ahal duen, nerabeak horien identitate eta hizkuntza eraikuntzan laguntzeko, denoi baliagarri zaigun lotura eta distantzia zainduz.
Mintzaldi horietan publikotik ere agertzen delako euskaldun izateko, edo euskara eragiteko molde eta bide ezberdinak badirela: batzuek EHZ bezalako militantziatik aurkituko dute beren tokia, besteek kirol klubean eraginez, edo, berantago, helduak izatean, euskaraz bizitzeko nahia erakutsiz eta eraikiz, adibidez lan munduan. Ikastoletan gaur egungo publiko-aniztasuna kudeatzeko gomita bat!